Urdalletak irabazi du Errezilgo IX. Sagardo Txapelketa Herrikoia

Nerea Uranga 2022ko urriaren 2a

Ohiko formatuan egin da aurten Errezilgo Sagardo Txapelketa Herrikoia, Gaztetandik kultur elkarteak antolatuta. 200 lagun inguru bildu ditu hitzorduak, eta herriko hamasei sagardogilek parte hartu dute.

Antzeman da iazkoa sagar urtea izan dela. Errezilgo hamasei sagardogilek parte hartu zuten atzo, 20:00etan hasita, Errezilgo frontoian jokatu zen IX. Sagardo Txapelketa Herrikoian. Aurreko urteetan bezala, Gaztetandik kultur elkarteak antolatu du, eta iaz ez bezala, ohiko formatuan egin zuten; pintxoak janez, sagardoak dastatzeko aukera eduki zuten txapelketa joan zirenek. Antolatzaileen arabera, 200 lagun inguru elkartu ziren hitzordura.

Txapelketara eramandako sagardo guztiak herrian bertan ekoiztutakoak izan behar dute. Eta honako hauek izan ziren atzoko txapelketan parte hartu zuten sagardogile edo baserriak: Lasturreta, Estrada, Irure Txikia, Irure (Aiertza), Umansoro, Estra Zaharra, Aritzeta Goikoa, Basabil, Mugarrieta, Zuazketa, Ibarguren, Urdalleta, Agerre, Basabe, Aranguren, Bustin Zuri eta Ezama Enea. 

Irabaztea "sorpresa"

Epaimahaiak erabaki zuen txapela merezi zuen sagardogilea, eta Urdalleta izan da aurtengoan txapelduna. Carlos Urdalletak jaso zuen saria, eta irabaztea "sorpresa" izan zela aitortu zuen txapela jaso ondoren. Aurreneko aldiz irabazi du herriko sagardo txapelketa, eta etxean sagardoa bi urtetik behin egiten dutela azaldu zuen. Bigarren saria Umansoro baserriko sagardogileak jaso zuen, eta hirugarrena Basabekoak. Epaimahaiarekin bat etorriko zen emaitza asmatzeko "kiniela" ere antolatu zuten antolatzaileek frontoian bildutakoen artean. Bi lagun izan ziren kiniela asmatu zutenak, eta bien artean zozketa egin ondoren Esnali egokitu zitzaion saria.

Iaz Basabeko sagardoak irabazi zuen epaimahaiaren lehen saria. Herritarrek edo epaimahai popularraren saria, berriz, Mugarrietak jaso zuen. Basabeko Joxe Antonio Labakak adierazi zuenez, “Errezilen sagardo txapelketa hasi zenetik, maila dezente igota dago”. Maila ez ezik parte-hartzea ere igota dago, eta horren erakusle izan zen atzokoan lau sagardo gehiagok parte hartu izana txapelketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide