Ohiko formatuarekin itzuliko da Errezilgo IX. Sagardo Txapelketa Herrikoia larunbatean

Maialen Etxaniz 2022ko irailaren 26a

Urriaren 1ean egingo dute aurtengo sagardo txapelketa Errezilgo pilotalekuan, 20:00etan hasita. Guztira, hamasei sagardogilek egindako edariak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sagardoari laguntzeko pintxoak jarriko dituzte. Iaz, pandemia tarteko, ezohiko eran egin zuten txapelketa.

Badu data Errezilgo IX. Sagardo Txapelketa Herrikoiak. Hain zuzen, larunbatean, urriaren 1ean, jokatuko dute Gaztetandik kultur elkarteak antolatzen duen txapelketa herrikoia. Duela bi urte ez zuten txapelketa antolatzerik izan, pandemiaren ondorioz. Iaz, aldiz, egoerara moldatu zuten ekimena, eta formatua aldatuta ospatu zuten sagardoaren bueltako jaia. Aurten, pandemia agurtuta, betiko eran egingo dute txapelketa. 2019an egin zuten azkenengoz sagardo txapelketa ohiko eran

Errezilgo pilotalekuan jokatuko da bederatzigarren Sagardo Txapelketa Herrikoia, 20:00etan hasita. Guztira, hamasei sagardo desberdin dastatzeko aukera izango dute larunbatean Errezilera bertaratzen direnek, iaz baino lau gehiago. Edari guztiak herrian bertan ekoiztutakoak izango dira. Honako hauek dira txapelketan parte hartuko duten sagardogile edo baserriak: Lasturreta, Estrada, Irure Txikia, Irure (Aiertza), Umansoro, Estra Zaharra, Aritzeta Goikoa, Basabil, Mugarrieta, Zuazketa, Ibarguren, Urdalleta, Agerre, Basabe, Aranguren, Bustin Zuri eta Ezama Enea. 

Iaz Basabeko sagardoak irabazi zuen epaimahaiaren lehen saria. Herritarrek edo epaimahai popularraren saria, berriz, Mugarrietak jaso zuen. Basabeko Joxe Antonio Labakak adierazi zuenez, "Errezilen sagardo txapelketa hasi zenetik, maila dezente igota dago". Maila ez ezik parte-hartzea ere igota dago, eta horren erakusle da aurten lau sagardo gehiagok parte hartzea txapelketan. 

Sarrerak, egunean salgai 

Sagardo Txapelketa Herrikoira bertaratu nahi dutenek egunean bertan erosi beharko dituzte txartelak. Helduek hamabost euro ordaindu beharko dute sarrera, eta nahi beste sagardo dastatzeko aukera izateaz gain, pintxoez eta postreaz gozatzeko aukera izango dute. Gaztetxoek –12 eta 15 urte bitartekoek– hamar euro ordaindu beharko dute sarrera. Pilotalekuan bertan jarriko dituzte salgai, ekitaldia hasi aurretik. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide