Errezilen hasi dute Tipi Taparen ikasturte berria

Nerea Uranga 2022ko irailaren 23a

Atzo, osteguna, egin zuten ikasturteko lehen saioa, eta harrera bikaina izan zuen Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatearen esanetan. Hurrengo saioa urriaren 20an egingo dute.

Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak antolatzen duen Errezilgo Tipi Tapa egitasmoaren ikasturte berria atzo, osteguna, hasi zuten, eta "primeran" joan zela azaldu dute sustatzaileek. Hurrengo saioa urriaren 20an egingo dute, 10:30ean frontoian elkartuta.

Tipi Tapa egitasmoa 2019ko udazkenean jarri zuten martxan, anbulatorioko mediku eta erizainekin batera. Ondoren, pandemiaren eraginez, 2020ko otsailean etena izan zuen. Hala ere, 2021eko udazkenean berriro ekin zieten saioei, eta ordutik hilero egin izan dute, 10:30etik 12:30era artean. Ibilaldietan herriko adinekoez gainera, Errezilgo San Martin Herri Eskolako ikasleek parte hartzen dute. Tipi Tapa egitasmoan egiten dituzten ibilaldietan herriko historia, natura, animaliak... ezagutzen dituzte. Horrez gainera, belaunaldien arteko harremana sustatzen dute, haurrak eta helduak "elkar aberastuz". Tipi Taparen barruan, herriko ikastetxeko ikasleek emanaldiak eskaintzen dizkie helduei eta Errezilgo Eguneko Zentroan hainbat ekintza egiten dituzte. "Tipi Tapa ez da adinekoei soilik zuzendutako ekintza, harrera programa irekia ere bada, eta herrira bizitzera etortzen diren bizilagun berriak ere bertan parte hartzera gonbidatzen ditugu. Horrez gainera, anbulatoriotik ere Tipi Tapan parte hartzera gonbidatzen dituzte, kirola sozializatzeko sendagai ona delako", azaldu du Saiazek. Tipi Tapa saioaren bukaeran hamaiketakoa egiten dute parte hartzaileek Borondegin.
 
Tipi Tapa taldean, Saiazeko gizarte laguntzaileaz gainera, herriko hainbat boluntariok ere parte hartzen dute, eta saio bakoitzean batez beste hamabi bat lagun elkartzen dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide