Andrea Murua: "Errezilgo haurrak eta nerabeak herriko eragile aktiboak izatea nahi dugu"

Nerea Uranga 2022ko ira. 15a, 08:00

Aishe aisialdi hezitzaile zerbitzua eskainiko dute Errezilen, udalaren eta Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatearen ekimenez. Gurasoei zerbitzu berria azaltzeko bilera egingo dute gaur, osteguna, 17:30ean, Borondegiko areto nagusian.

Aishe aisialdi hezitzaile zerbitzua jarri du abian Errezilgo Udalak, Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatearekin batera. Zerbitzu berriaz informazioa emateko eta antolaketaz hitz egiteko bilera antolatu dute Errezilgo gurasoekin gaurko; 17:30ean izango da, Borondegiko areto nagusian. Andrea Murua (Altzaga, Gipuzkoa, 1999) da hezitzaile berria.

Gaur aurkeztuko diezue gurasoei Aishe zerbitzua. Noiz hasi zinen zu lanean, eta zein izan dira zure egitekoak orain arte?
Apirilean hasi nintzen zerbitzuaren hezitzaile gisa, eta une horretan nire egitekoa izan zen herria, bertako biztanleak eta herriko haurrak nahiz nerabeak ezagutzen joatea eta harremanak sortzea. Udan, herrian egiten diren udal udaleku irekietan parte hartu nuen, herriko haurrak ezagutzeko. Horrez gainera, nerabeekin topaketa batzuk egin eta bi ekintza berezi antolatu genituen: egun batean Azpeitiko kanpoko igerilekura irteera egin genuen, eta beste batean Zarauzko zalditegira joan ginen. Gero, oporrak etorri ziren, eta orain, zerbitzua antolatzen eta martxan jartzen ari gara, pixkanaka finkatzen joateko.

Gurasoei zuzendutako bilera egingo duzue gaur. Zein da batzarraren helburua?
Orain arteko bidean, herriko haurrak eta nerabeak ezagutzeko aukera izan dut, baina gurasoekin oraindik ez dut topaketarik izan. Gaurko bilera horretarako da. Azken finean, gaurko antolatu dugun batzarraren funtsa da aisialdi hezitzaile zerbitzuaren barruan orain arte egindako urratsen berri ematea eta hemendik aurrerako asmoak azaltzea. Horrez gain, zerbitzua bera gurasoekin elkarbanatzea ere nahi dugu.

Zein da Aishe aisialdi hezitzaile zerbitzuaren helburua?
Aisialdi zerbitzuaren bitartez, nerabeekin nahiz haurrekin ekintzak aurrera eraman eta antolatu nahi dira, baina beti ere, haien parte hartzea eta autonomia sustatuz. Egunak ez ditugu oraindik finkatu, baina gazteei astean egun bat eskaini nahi zaie, eta haurrei beste pare bat egun. Gazteek nahiz haurrek beren eremua izatea nahi dugu. Bi kasuetan prozesua bera izango da, eta azkenean lortu nahi dena da haiek herriko eragile aktiboak izatea. Horretarako, lanketa herriko baliabideekin eta beste zerbitzuak kontuan hartuta egin nahi dugu.

Errezilen abian jarri den aisialdi hezitzaile zerbitzua berria da, ezta?
Bai, egitasmoa berria da, eta Errezilen jarri da martxan aurreneko aldiz. Ez da gazteria eremura soilik mugatuko zerbitzua; beharrak kontuan izanda, familia esku hartzeak ere egingo dira, eta herriko beste kolektibo batzuk ere kontuan hartuko ditugu bidean. Hain justu, horiek dira zerbitzu berriaren berezitasunak.

Zerbitzua abian jartzeko gogoz aurkitu al dituzu haurrak eta nerabeak?
Herriko haurrak eta nerabeak gogo handiarekin ikusi ditut parte hartzeko eta gauzak egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide