70 urteko gizona erreskatatu dute Errezil inguruan, mendian min hartuta

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 12a, 22:52

19:30 aldera aurkitu dute suhiltzaileek, bilaketa hasi eta gutxira. Ertzaintzaren helikopteroarekin atera dute menditik, eta anbulantzian eraman dute Donostia Ospitalera. Ertzaintzak jakinarazi duenez, "saihets hezurrak ziurrenik hautsita eta hainbat ubeldurarekin" aurkitu dute mendizalea.

70 urteko mendizale bat erreskatatu dute gaur arratsaldean Errezil inguruan; min hartuta zegoen, "saihets hezurrak ziurrenik hautsita eta hainbat ubeldurarekin", Ertzaintzak jakinarazi duenez, eta Donostia Ospitalera eraman dute.

Goizean mendira irten eta itzuli ez denean hasi dira gizonaren bila larrialdi zerbitzuak. Ertzaintzaren arabera, goizeko hamarrak aldera ikusi dute azken aldiz arratsaldean erreskatatu duten mendizalea, Aiako Iturriotz baserriaren eta San Juan ermitaren inguruan.

Gizona desagertuttzat eman dutenean, Gipuzkoako Suhiltzaileak eta Babes Zibileko dotazioak, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea, Gurutze Gorria, DYA eta Ertzaintzaren mendiko helikoptero bat eta hainbat patrulla joan dira lekura; Etumeta aldean aritu dira bilaketa lanean eta, Ertzaintzaren arabera, Ezkurramendin topatu dute gizona, zaurituta, 19:30 aldera.

Bilaketa hasi eta gutxira aurkitu dute mendizalea suhiltzaileek, Ertzaintzaren helikopteroak "leku seguru batera eraman" dute zauritutako gizona, eta han zain zuten anbulantzian eraman dute ondoren ospitalera.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide