Eskualdetik igaro da Ehunmilak proba

Julene Frantzesena 2022ko uztailaren 9a

Azkoitiko lurretatik ez ezik, Azpeitikoetatik eta Errezilgoetatik ere pasatu dira parte hartzaileak. Madariagan zuten anoa postuan indarrak hartuta iritsi dira Xoxotera, eta handik Azpeitiko Azoka Plazara, han baitzuten hurrengo kontrol gunea. Giro bikaina izan da lasterketak iraun duen bitartean.

Ehunmilak probako parte hartzaileak bart pasatu dira Urola Erditik. Gorlatik Elosura joanda, Madariagara iritsi ziren korrikalariak aurrena, eta hango anoa gunean indarrak hartuta, Xoxotera igo ziren horiek. Gauerdiaren bueltan hasi ziren parte hartzaileak Azpeitiko Azoka Plazako anoa eta kontrol postura iristen, eta goizaldeko ordu txikitara arte lasterkarien sartu-irtena izan da han. Probaren herenaren bueltan eginda heldu dira lasterkariak Azpeitira, eta Xoxoten ez ezik, plazan ere herritarren animoak jaso ahal izan zituzten. Irudi ikusgarria ikus zitekeen, gainera, plazatik: argi ilara luzea, Xoxoten behera.

Azoka Plazara iritsi zen lehen korrikalaria Javi Dominguez izan zen, hara arteko ibilbidean sei ordu eta bi minutu igarota. Bigarren, berriz, Jonathan Cuesta, eta hirugarren Sergio Luis Tejero. Gero iritsi ziren Igon Manzisidor eta Ander Erice, baita beste dozenaka eta dozenaka kirolari ere. Emakumeetan Azpeitiko Azoka Plazara iristen aurrera Elena Calvillo izan zen, eta haren atzetik Oihane Perez. Bestalde, kontrol eta anoa postura iritsi zen lehen herritarra Jose Luis Albizuri izan zen.

168 kilometroko proba da Ehunmilak, eta Gipuzkoako mendirik garaienak zeharkatzen ditu ibilbideak, hala nola Txindoki, Ganbo, Aizkorri, Erlo, Izaspi eta Hernio. Lasterkariak atzo atera ziren Beasaindik (18:00), eta gaur arratsaldean iritsiko dira aurrenak Beasaingo helmugara. 2019an Jon Aizpuruk ezarri zuen errekorra, ibilbidea 22 ordu, 21 minutu eta 54 segundotan osatuta.

Agindutakoa beteta

Iker Ezamak ez du hutsik egin aurten ere. Ehunmilaken atera eta Xoxotera iristen baldin bazen, soinuarekin piezaren bat joko zuela esana zuen, eta halaxe bete du emandako hitza; goizaldeko 03:00ak aldean iritsi da Azpeitiko bizilaguna Xoxoteko aterpetxera, eta han zituen zain hainbat lagun eta soinua. Bi pieza eskaini ditu Ezamak, eta berriro ekin dio lasterketari.

Honako lotura honetan irakur daiteke Urola Kostako Hitzak, Ehunmilaken atarian, errezildarrari egindako elkarrizketa.

(Argazkiak: Nerea Uranga/ Bideoa: Gaizka Aranguren)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide