Balorazio onarekin bukatu dute Saiazekoek Auzotu: teknologia komunitarioa programa

Nerea Uranga 2022ko uztailaren 8a

Teknologia berriak pertsonengana gerturatzeko helburuarekin, Auzotu ikaskuntza komunitarioko programa landu du 2020. urtetik Saiaz gizarte zerbitzuetako udal elkarteak. Astelehenean bukatu zuten programa, eta emaitza positiboa izan duela azaldu du Saiazek.

Auzotu ikaskuntza komunitarioko programan parte hartu du Saiaz gizarte zerbitzuetako udal elkarteak (Beizama, Errezil, Bidania-Goiatz eta Albiztur), Donostiako Amara Berri auzoarekin eta teknologia sozialeko Aptes, Apitronik eta Lotura elkarteekin batera. Egitasmoaren helburua teknologia berriak pertsonengana gerturatzea izan da, teknologia aukera moduan landuz. Egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programak diruz lagundutakoa izan da. 2020 eta 2021 urteetan, pandemia garaian, gauzatu zuten programaren lehenengo fasea, eta orduan laguntza sareak eta teknologiaren garrantzia aztertu zituzten.

Programaren bigarren fasea 2021eko azaroan hasi zuten, teknologia berriak erabiliz harremanak sustatzea helburu hartuta. Joan den astelehenean, uztailaren 4an, bukatu zuten azken fase hori. Auzotu programaren inguruan balorazio ona egin du Saiazek: "Teknologia berrien erabilerak eskatzen dituen beharrak zerrendatu ditugu, eta jasotako ekarpenekin infografiaz osatutako poster handi bat egin dugu. Horretan, urte guztian proposatutako ekintzak eta horiek aurrera eramateko programa informatikoak ere zehaztu ditugu".

Programaren lanketan sortutako hainbat behar praktikan jarri dituztela zehaztu du Saiaz gizarte zerbitzuetako udal elkarteak. "Bidania-Goiazko liburutegian sakelako telefonoaren eta zenbait aplikazio informatikoren funtzionamendua ikasteko aukera eskaintzeko taldea sortu da. Talde horretan parte hartzen ari direnentzako garrantzitsua da aukera hori, teknologia berriak ikasten ari direlako". Taldeak izan duen balorazio ona ikusita, irailetik aurrera jarraitzea erabaki dute, eta gainera, eskaintza Beizamara, Errezilera eta Albizturrera zabalduko dute.

Auzotu ikaskuntza komunitarioko programaren emaitza ona izan denez, teknologia berrien erabilera lantzen jarraitzeko asmoa azaldu du Saiazek. "Landu eta jarraipena behar duen gaia dela uste dugu. Horregatik, gaia lantzen eta programa berrietan aurrera egiteko apustua egiten segituko du udal elkarteak".

Auzotuz programan parte hartu duen taldea. (Argazkia: Saiaz gizarte zerbitzuetako udal elkartea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide