Etzi, ostirala, Beasaindik (Gipuzkoa) abiatuko da Ehunmilak mendi proba ezaguna; 18:00etan irtengo dira parte hartzaileak herri horretako plazatik, eta segidan, inguruko herrietatik eta mendietatik igaroko dira lasterkariak. Guztira, 168 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek.
Urtero moduan, aurten ere eskualdeko lurrak zeharkatuko ditu Ehunmilak lasterketak. Bergarako (Gipuzkoa) Gorla menditik iritsiko da lasterketa Azkoitiko Elosu auzora. Hain zuzen, 21:1oean espero da probako parte hartzaile azkarrena han. Auzo horretatik Azkoitiko beste auzo batera egingo dute jauzi mendi lasterkariek; izan ere, Madariagara zuzenduko dira jarraian. 22:35ean espero dituzte korrikalaririk azkarrenak Madariagan jarriko duten kontrol eta anoa postuan.
Azkoitia zeharkatutakoan, Azpeitirako bidea hartuko dute mendi lasterkariek. Gauerdia baino lehen, 23:50ean, espero dira parte hartzaile azkarrenak Azpeitiko Azoka Plazan jarriko duten anoa gunean. Azpeitia utzi ostean, Zelatunera igoko dira Ehunmilak lasterketa egitera abiatutako kideak. Zelatunen larunbat goizaldeko 01:40ean espero dira korrikalari azkarrenak.
Ehunmilak probaz gain, asteburuan Goierri inguruan beste bi mendi lasterketa jokatuko dira, eta han ere eskualdeko lagun ugarik parte hartuko dute. Goierriko Bi Haundiak (88 kilometro) proba ostiraleko 23:00etan abiatuko da Beasaingo plazatik, eta Marimurumendi mendi maratoia (42 kilometro) igandeko 08:00etan abiatuko da Beasaindik.