Lagunarteko lehia ikusgarria San Antonio jaiak agurtzeko

Mailo Oiarzabal 2022ko ekainaren 19a

Herri kirol ikuskizun bereziarekin agurtu dituzte aurten San Antonio jaiak Errezilen. Taldekako lagunarteko pentatloia jokatu dute 18:30ean hasita Beheko Plazan, eta jendetza elkartu da erakustaldia ikusteko.

Herri kirol ikuskizun bereziarekin agurtu dituzte aurten San Antonio jaiak Errezilen. Taldekako lagunarteko pentatloia jokatu dute 18:30ean hasita Beheko Plazan, eta jendetza elkartu da erakustaldia ikusteko.

Hamar kirolarik hartu dute parte pentatloian, bi taldetan banatuta; herri kiroletan punta-puntan ibiltzen direnak eta beste kiroletan aritzen direnak, beteranoak eta gazteak, nahasian, eta gehienak herrikoak. Aimar Irigoienek (harri jasotzen), Haritz Imuntsok (giza proban), Jon Muarrittak (aizkoran), Xabier Abittak (txingatan), eta Granadako Ikerrek (korrika) osatu dute A taldea edo talde berdea. B taldean edo talde gorrian, berriz, Goenatxo III.a (harri jasotzen), Jokin Urretabizkaia Basozabal (giza proban), Julen Aiztitxo (aizkoran), Eritz Abitta (txingatan) eta Mattin Aiertza (korrika) elkartu dira.

Talde biek aldi berean ekin diote lanari, kide bakoitzak bere partea bukatu ahala ondorengoari txanda emanez. Harri-jasotzaileek hamar altxaldi eman behar izan dizkiote 100 kiloko bolari, 400 kiloko harriarrekin plaza bat osatu giza probalariek, kanaerdiko enborra ebaki aizkolariek, 52 kiloko txingekin -Igor Txokolatek gaurko saiorako egindakoak- bi plaza osatu txingalariek, eta bi eliz buelta (600 metro) egin korrikalariek; eta lan guztiak lau aldiz bete behar izan dituzte.

Talde gorria izan da lan guztiak azkarren bete dituena, baina gaurkoa ez zen irabazle eta galtzaile kontua; nekeak hartu eta izerdi ederrak bota dituzte kirolariek, baina umorea ahaztu gabe, eta ikuskizun polita eskaini dute. Pentatloia bukatuta, erakustaldi partikularra egin nahi izan du Irigoienek bolarekin herritarren aurrean, eta beretzat izan dira arratsaldeko azken txaloak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide