Ostiraleko biharamunari aurre eginez, ia 60 lagun izan ziren atzo, zapatua, San Antonio jaien barruan Letea jatetxean egindako bertso bazkarian. Giro bikaina sortu zen han, jan-edanari lagunduz bertsotan aritu baitziren Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin. Arratsaldean, berriz, ur jolasetan ibiltzeko aukera izan zuten gaztetxoek, baita puzgarrietan ere.
Gaur goizean ekingo diote berriro egitarauari, herriko gaztetxo hainbatek eskaini duten euskal dantzen erakustaldiarekin. Azken txanpara iritsita dira dagoeneko Errezilgo festak, baina oraindik ere hiru ekitaldi falta zaizkie jaiak bukatzeko: 17:30ean gaztetxoen esku pilota txapelketa izango da, eta 18:30ean, pentatloia. Ondoren, emanaldia eskainiko dute trikitilariek.