Aimar Irigoien: "Bezperako juergak erasaten ez badu, polita izango da pentatloia"

Ihintza Elustondo 2022ko ekainaren 17a

Etxauriko harri zaharrarekin marka egin berri du errezildarrak. Lehiak utzita denbora bat egin ostean itzuli da plazetara. Etzi izango du hurrengo hitzordua: pentatloia jokatuko du sorterrian.

Aimar Irigoien, Etxauriko proban. (Hitza)

Plazetatik aparte samar ibili da aspaldian Aimar Irigoien (Errezil, 1986), baina sasoian dagoela erakutsi zuen asteburuan Etxaurin (Nafarroa): izan ere, marka berria ezarri zuen Etxauriko Harri Zaharraren Jasotze Txapelketan, 136,5 kiloko harriari hemezortzi altxaldi eginda bost minutuko saioan.

Zer esan nahi du lorpenak zuretzat?

Oso pozik nago. Ondo atera zen dena, eta gustura sentitzen naiz. Denbora asko egin dut geldirik, eta duela gutxi hasi naiz berriro harri jasotzen. Egia esan, pozgarria da emaitza hori lortzea.

Noiztik egon zara geldirik?

2019an jokatu nituen azken txapelketak, eta 2021eko otsailean beste lehia batean parte hartu nuen, baina ordutik geldirik nengoen. Urte eta erdiz-edo egon naiz plazetatik aparte. COVID-19aren kontua dela eta, ez zegoen mugimendu gehiegi harri jasotze munduan; ez geneukan txapelketak jokatuko ziren ziurtasunik. Hala, pixkanaka uzten joan nintzen, eta beste ohitura batzuk hartu nituen: lan askorekin ibili naiz, eta tarterik ez nuen hartzen entrenatzeko. Gerora, txapelketetako datak jartzen hasi ziren, baina ez nengoen prestatuta, eta ez nintzen horietan lehiatu. Entrenatzeko aukera pixka bat gehiago dut orain, eta horregatik itzuli naiz plazetara. Normaltasuna itzultzen hasi da, eta etxean ere lehen baino bultzada handiagoa sentitu dut; emazteak ere esaten zidan lehiatzen hasteko berriro. Azkenean, lehengo martxara bueltatzen ari naiz, pixkanaka, denen laguntzari esker.

Zeuk zenuen lehendik ere markarik onena Etxauriko Harri Zaharraren Jasotze Txapelketan, hamazazpi jasoaldirekin; 2013an ezarri zenuen marka, eta 2017an eta 2019an berdindu zenuen. Espero al zenuen igandeko saioan jasoaldi bat gehiago egitea?

Ez. Eguraldiari adi joan nintzen, Etxauri oso leku beroa delako, eta 34 bat gradu egiten zituen. Hiru urtetan hamazazpi altxaldi egin nituen, eta zera pentsatzen nuen: "Arriskatu egin beharko dugu!". Arriskatu nintzen, eta azkenean, dena ondo atera zen. Borobila izan zen.

Nola prestatu zinen probarako?

Gorostidi Harria txapelketarako prestatzen hasi nintzen; apirilaren 22an jokatu zen hori. Otsailaren azken aldera hasi nintzen lehia horretarako prestatzen, ilusioarekin. Egia da Gorostidi Harria jokatu zen egunean baino puntu hobean nagoela orain. Orduan bi hilabete bakarrik neramatzan entrenatzen, eta harri pisutsuekin gehiegi ibili gabe nengoen. Orain gehiago menderatzen dut karga, pisudun harriekin hobeto moldatzen naiz, eta hori antzeman egiten da. 150 kiloko harria erraz erabiltzen baduzu, 140koa are errazago menderatuko duzu.

Astean zenbat entrenamendu egiten dituzu?

Une honetan astean bi entrenamendu egiten ari naiz, eta denbora hartzen baldin badut, bizikletan pixka bat ibiltzen ere saiatzen naiz. Hala ere, ez daukat gehiegi eskatzerik; daukadan denbora daukat, eta denbora horrekin konformatu behar. Azkenean, gauza asko daude nire egunerokoan: bateko lana, besteko familia... Denbora aldetik ez naiz ondo ibiltzen, baina saiatzen naiz entrenatzeko tartea hartzen: asteazkenak eta larunbatak izaten ditut horretarako. Egun horiek niretzako gordetzen saiatzen dira emaztea eta ingurukoak, eta hori eskertu beharra daukat.

Ospatu al duzu igandeko lorpena?

Bai. Halako pasada hartu eta gero, momentuan bertan ez da gogo handirik egoten ospakizunetarako. Baina iluntzean, familiarekin afaldu nuen, eta etxe aldetik ibili ginen, gustura.

Beste hitzordu bat ere baduzu igandean, zeure sorterrian. San Antonio jaien barruan, taldekako pentatloia jokatuko duzue. Nondik sortu da Errezilen pentatloia egiteko ideia?

Gipuzkoako herri txiki gehienetan modan dago pentatloiaren kontua; bolo-bolo dabil, jende gazte asko mugitzen du, eta herri kiroletan inoiz ikusi ez direnak ere ari dira pentatloietan parte hartzen. Uste dut jendea erakartzen duela pentatloiak. Gainera, herrian badugu aurten pentatloian parte hartu duen kirolari bat: Haritz Goenaga Imuntso. Banakako kanporaketan parte hartu zuen hark, eta oso lan txukuna egin zuen lehen urtea izateko. Bera tartean izanda, iruditzen zait saltsa izango dugula herrian. Ea zer moduz ateratzen den eta lan polita egiteko aukera dugun herrian bertan.

Bi taldetan banatuta jokatuko duzue pentatloia. Lehen taldean harri jasotzen ariko zara zu, giza proban Haritz Goenaga ariko da, aizkoran Jon Aizpuru Muarritta, txingetan Xabier Irulegi Abitta eta korrikan Iker Zinkunegi Granada. Bigarren taldean, berriz, harri jasotzen Jon Unanue Goenatxo III.a ariko da, giza proban Iñaki Errazkin, aizkoran Julen Uzkudun Aiztitxo, txingetan Eritz Rodriguez eta korrikan Mattin Aiertza. Zer moduzko taldea tokatu zaizu?

Talde ona dela uste dut. Ez dakit nola moldatuko garen, baina jendea ilusioz dago. Larunbat gaueko juergak erasaten ez badu, polita izango da pentatloia. Saltsa ederra egongo dela uste dut.

Partaide batzuk herri kirolen munduan ibilbide bat egindakoak zarete, baina beste batzuk nahiko izen berriak dira...

Batzuk ez dira maila altuan ibili, baina azken batean, lan motz horiek egiterakoan, edozeinek eman dezake ezustekoa. Uste dut jendeak lan polita egingo duela.

Ba al dago faboritorik?

Ez dut uste. Festa Batzordea saiatu da parekotasuna bilatzen bi taldeen artean. Elkar ez gara oraindik ondo ezagutzen, baina ez dut uste faboritorik dagoenik. Bakoitza berea ahal den ondoen egitera joango da, eta ea zer gertatzen den.

Zerbait egongo al da jokoan?

Ez dut uste. Baina askotan, ohoreak gehiago balio izaten du diruak baino. Herrian bertan izanda, gainera...

Plazetara itzuli zaren honetan, zer asmo dituzu aurrera begira?

Udan herri kirol erakustaldiez gozatzea nahi dut. Pixka bat galduta zeuden halakoak, eta orain, indarra hartzen ari dira berriro: pentatloiak egiten ari dira, crossfiteko jendea asko sartu da mundu honetan... Saltsa polita dago herri kirolen bueltan. Udari begira, harri jasotzen jardutea eta gozatzea nahi dut, egun batetik bestera ez delako berreskuratzen lehen izandakoa.

Crossfita herri kirolen munduarekin uztartzen ari dela aipatu duzu. Harri jasotzeari bultzada eman al dio kirol horrek?

Iruditzen zait harri jasotzeari, aizkorari eta denari eman diola bultzada. Jendea konturatu da pisuak altxatuta eta crossfiteko entrenamenduak eginda errazagoa dela herri kiroletan aritzea, nahiz eta dena ez den indarra; teknika ere behar da. Uste dut saltsa polita jarri duela crossfitaren kontuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide