Errezilgo Eskola Txikien Jaia, "borobila"

Maialen Etxaniz 2022ko ekainaren 13a

Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia ospatu zuten atzo Errezilen, eta giro paregabea izan zen egun osoan zehar. Askotariko ekintzez gozatu zuten bertaratutakoek. Lizartzakoek hartu zuten hurrengo urtean jaia antolatzeko lekukoa errezildarren eskutik. Arratsaldeko hitzordu bereziena San Martin eskolako ikasleek Maria Dolores Agirreren inguruan egindako antzerki emanaldia izan zen. Honako hau atzoko egunaren laburpen bideoa da, adierazpen eta guzti.

Egun berezia izan zen ekainaren 12a errezildarrentzat, eta ez da gutxiagorako. Hilabete luzeko lanaren ostean, Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia ospatu zuten herrian. San Martin eskolako ikasle, irakasle eta guraso askok zerura begira hasi zuten eguna, ateri eutsiko ote zuen. Eguna pattal esnatu zen, eta tanta batzuk bota zituen arren, jaia hastearekin batera zerua argitzen hasi zen. 10:00etan ekin zioten prestatutako egitarauari. Ohi bezala, erakundeetako ordezkarien ekitaldiak ireki zuen Eskola Txikien Jaia. Bertan izan ziren Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua, Markel Olano Gipuzkoako Foru Diputatu Nagusia eta Xebero Agirretxe Errezilgo alkatea.

Agirretxek urte guztian zehar eskolako ikasle, guraso eta irakasleek nahiz herritarrek egindako lana nabarmendu zuen, eta festa egunaz gozatzera deitu zituen Dantzalekuan bildutakoak. Bildarratzek eskola txikiek dituzten hiru balio nagusi nabarmendu zituen. Hain zuzen, adierazi zuen eskola txikiek bihotza eta arima dutela, aurreratuak direla eta jasangarriak. Markel Olanok, bere aldetik, herri txikiek Gipuzkoako lurraldearen orekan duten garrantzia nabarmendu zuen, eta festa prestatzeko lanean jardun zutenei aitortza egin zien.

Erakundeetako ordezkarien hitzartzearen ostean, Errezilgo San Martin eskolako haurrak igo ziren oholtzara, eta ekitaldirako sortutako dantza zaila eta erraza dantzatu zituzten. Haiei begira zeuden ikasleak ere animatu ziren dantzara. Gorputza mugitzera ez ezik, abestera ere animatu ziren errezildarrak, eta Eskola Txikien festaren harira Imanol Lazkanok sortutako bertsoa kantatu zituzten. Errezilgo eskolakoen dantzen eta kantuen ondoren, lekuko aldaketaren txanda izan zen. Errezildarrek Lizartzakoei eman zieten datorren urteko Eskola Txikien Jaia antolatzeko lekukoa.

Goizean zehar ez zen aspertzeko betarik izan. 11:00etatik aurrera askotariko ekintzez gozatzeko aukera izan zuten Errezilera bertaratutakoek. Besteak beste, puzgarriak, eskalada txokoa, trebezia zirkuitua, zirko tailerra, sormen tailerrak, Elkar Ezagutuz jolasa eta herriko produktuen eta artisauen azoka izan ziren Batukada doinuak ere ez ziren falta izan.

Errezildarrek gogotik gozatu zuten antolatutako ekintzekin, eta gustura ibili zebiltzala adierazi zuten. Xebero Agirretxe alkatea ez zen geldirik gelditu. Goizean, ekitaldi instituzionala amaitu bezain pronto jantzi zuen antolatzaileen txalekoa, eta lan ta lan aritu zen egun osoan. Alkatea pozik agertu zen jaiak izandako harrerarekin.

Jan-edanerako aukerarik ez zen falta izan Errezilen, dantzalekuan eta herri eskolako atarian jarritako txosnetan ogitartekoak, pintxoak eta edariak jarri baitzituzten. Horretarako ‘Akerrak’ erabili behar izan zituzten bertaratutakoek. Errezilgo ikurrari keinu eginez jarri zieten izen hori erosketa txarteltxoei. Asko izan ziren ogitartekoak hartuta, eguzkitik ihesi ibili zirenak, itzal bila; izan ere, eguzkiak gogor jo zuen eguerdi partean. 14:30 aldera, jendez bete zen frontoia, bazkaria eskaini baitzuten bertan. Adin guztietako 288 lagun inguru elkartu zen pilotalekuan, bazkaritarako.  

Arratsaldean San Martin eskolako haurrak izan ziren protagonistak, baita Maria Dolores Agirre zena ere. Haren izana ekarri zuten gogora errezilgo ikasleek, antzerki baten bitartez. Hain zuzen, ikasturte osoan zehar prestatutako lanaren emaitza taularatu zuten atzokoan. Antzerki emanaldian izan ziren Maria Dolores zenaren senitartekoak eta gertukoak. Bitxikeria bat ere utzi zuen ekitaldiak; izan ere orain egun gutxi Agirrerekin Donostian aritutako emakume bat harremanetan jarri zen Errezilgo eskolarekin, haren inguruko obra egin behar zutela jakin zuenean. Hain zuzen, Kontxita Beitia Donostiako ikastolen sortzailetako andereñoa da bera, eta San Martin eskolakoek gonbidatuta,  Errezilera bertartu zen antzerkia ikustera. Emanaldiaren aurretik hitz batzuk ere eskaini zituen, Agirreren oroimenez.

Errezilgo ikasleek Maria Dolores Agirreren bizitza antzeztu zuten, pasarte desberdinak kontatuz. Herritarren txalo zaparrada artean amaitu zuten obra. Antzezlanaren prestaketa lanetan nahiz jaiaren antolakuntzan murgilduta ibili zen Joseba Bikendi irakaslea. Antzezlana amaituta, eta festaren azken hondarretan, oso gustura agertu zen. Haren hitzetan, “egun borobila” izan zen atzokoa.  

Festari umorez eta musikaz eman zioten itxiera, Baserriko Porrusalda clown emanaldiarekin eta eta Argizulo Dup Station taldearen kontzertuarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide