Eskola Txikien Jaiaren arratsaldean antzerkia eta musika izan dira nagusi Errezilen. Besteak beste, Errezilgo San Martin herri eskolako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailakoek Maria Dolores Agirre antzezlana estreinatu dute. Antzezlana ikusteko dantzalekua jendez bete da. Ikusleen artean, Agirre zenaren senideak bildu dira, baita haren alaba Maria Dolores Lasheras ere. Antzezlana hasi baino lehen Josune Zabala Errezilgo herri eskolako gurasoak Maria Dolores Agirre zena izan du gogoan, eta hark euskara irakasle, irrati esatari eta antzerkigile gisa egindakoak aipatu ditu. Segidan, Kontxita Beitia irakasle donostiarra igo da oholtzara, eta hark Maria Dolores Agirre ezagutu zuela eta nolakoa zen azaldu die bertan bildutakoei. Agirreren alabaren idatzi bat ere irakurri dute jendaurrean.
Ondoren, Errezilgo antzezleen txanda iritsi da, eta Maria Dolores Agirreren bizitzako pasarteak antzeztu dituzte. Antzezlana bukatu ostean, beste antzerki bat ikusteko aukera izan da dantzalekuan bertan, Baserriko porrusalda clown ikuskizuna, hain zuzen ere. Aurtengo, Eskola Txikien Jaia Argizulo Dup Stationen kontzertuarekin bukatu da.
Festak bihar segida izango du Errezilen San Antonio eguneko ospakizunekin.