Herriko produktuen eta artisauen azoka, herri kiroletako jolasak, puzgarriak, eskalada txokoa, trebezia zirkuitua, zirko tailerra, sormen tailerrak eta Elkar Ezagutuz jolasa izan dira eguerdi artean Errezilen Eskola Txikien Jaiaren barruan. Goizeko hamarretan hasi dute Eskola Txikiak bizirik lelo hartuta festa eguna, eta pixkanaka jendea batzen hasi da ekintzekin betetako herriko txoko desberdinetan. Herrigunea eta kaleak girotzen batukada ibili da batetik bestera.
Jan-edanerako aukerarik ere ez da falta izan Errezilen, dantzalekuan eta herri eskolako atarian jarritako txosnetan otartekoak, pintxoak eta edariak jarri baitituzte saltzen. Horrez gainera, frontoian atondu duten bazkarian, 288 lagun bildu dira bazkaltzeko.
Errezilen aparkatzeko tokirik ez dagoelako, autobusak dabiltza joan-etorrian; Azpeiti aldetik Errezilera bertaratzeko Domusa Teknik lantegian prestatu dute aparkalekua eta Tolosaldekoentzat Bidania-Goiazko industrialdean. Bi tokietatik autobusa ibiliko dira 21:00ak bitartean.
Arratsalderako ere hainbat ekintza dituzte prestatuta Eskola Txikien Jaiaren barruan:
- 15:30. Andoni Ollokiegiren kontzertua, frontoian.
- 17:00. Ikasleen antzerkia: Maria Dolores Agirre. Dantzalekuan.
- 17:30. Baserriko porrusalda clown emanaldia, dantzalekuan.
- 15:00- 18:00. Puzgarriak, herri eskola atarian.
- 18:30. Argizulo Dup Station taldearen kontzertua, dantzalekuan.