Hasi dute Eskola Txikien Jaia Errezilen

Nerea Uranga 2022ko ekainaren 12a

Dantzalekuan egin dute festa hasteko ekitaldia, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak. Errezilgo Toki Alai guraso elkarteko eta San Martin herri eskolako ordezkariek festan ondo pasatzera deitu dituzte herritarrak.

Lainotuta eta euri tanta batzuekin hasi da Errezilen Eskola Txikien Jaia. Baina, minutuak aurrera egin ahala atertzera egin du, eta zeruan urdinguneak zabaldu dira. Dantzalekuan egindako ekitaldiarekin hasi dute festa eguna eskola txikietakoek. Ekitaldian hitza hartu dutenek behin eta berriro nabarmendu dute eskola txikien nahiz herri txikien garrantzia, eta egitekoa. Errezilgo ikasle, guraso eta ikasleek parte hartu dute hasierako saioan, baita ere Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako Foru Diputatu Nagusiak eta Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak.

Agirretxek beste behin urte guztian zehar eskolako ikasle, guraso eta irakasleek nahiz herritarrek egindako lana nabarmendu du, eta herrian festa egunaz gozatzera deitu ditu ekitaldian bildutakoak. Bildarratzek eskola txikiek dituzten hiru balio nagusi nabarmendu ditu: "Bihotza eta arima dute, aurreratuak dira eta jasangarriak". Sailburuaren arabera, eskola txikietan denek bat egiten dute, ikasle, irakasle eta ikasleek nahiz udalak eta udal ordezkariek, herriak. Hezkuntza lege berria gogoan, esan du eskola txikiak prestatuta daudela: "Lege berrirako kokatuta daude, dagoeneko adin desberdinekin lan egiten dutelako, ondo zaintzen diren guneak direlako eta hezkuntza komunitate osoak bat egiten duelako. Beraz, prest daude etorkizuneko erronketarako". Eskola txikiak jasangarriak dira Bildarratzen arabera, dituzten inguruneak eta baliabideak dituztelako: "Errezilgoa mendiz inguratuta dago, inguru ederra du. Eskola txikiak hezkuntza kilometro zero dira".

Herri txikiek Gipuzkoako lurraldearen orekan duten garrantzia nabarmendu du Olanok, Eskola Txikien Jaiaren hasierako ekitaldian, eta festa prestatzeko lanean jardun duten denei aitortza egin die. "Gure lurraldean, Gipuzkoan, herri txikiek garrantzia dute, lurraldeari oreka ematen die, eta horri heldu beharra daukagu. Herri txikietakoak harro egoteko moduan daude", esan du diputatu nagusiak.

Errezilgo eskolakoen dantzak eta kantuen ondoren, datorren urteko Eskola Txikien Jaia antolatzeko lekukoa Lizartzakoek hartu dute errezildarren eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide