Egitarau oparoa antolatu dute aurten Errezilgo San Antonio jaietarako

Anartz Izagirre 2022ko ekainaren 10a

Igandean Eskola Txikien Jaia egingo dute Errezilen, eta astebete atzeratu dituzte festak. Hala eta guztiz ere, ekainaren 13an, San Antonio egunez, hasiko dira jaietako ekintzak. Eneritz Eizmendi udaleko Festa zinegotziak aurtengo antolakuntzan izan den parte hartzea azpimarratu du.

Ezohiko bi urteren ostean, ezohiko egunetan ospatuko dituzte aurten Errezilgo San Antonio jaiak. Izan ere, datorren igandean, ekainak 12, Eskola Txikien Jaia izango da Errezilen, eta festak astebete atzeratu behar izan dituzte horregatik. Hori, ordea, ez da aitzakia izan Errezilgo Festa Batzordearentzat behar bezalako jaiak antolatzeko, eta bi urteko etenaren ostean, egitarau oparoa antolatu dute. Eneritz Eizmendi Errezilgo Udaleko Festa zinegotziak adierazi duenez, aurten "nabarmena" izan da herritarren parte hartzea antolakuntzan: "Jende dezentek parte hartu du aurten jaien antolakuntzan, eta hori oso azpimarragarria iruditzen zait". Era berean, jendea festetarako "ilusioz" dagoela nabarmendu du.

Egitarauari dagokionez, hainbat berrikuntza izango dira aurtengo jaietan. "Festa batzordean herri bazkaria jartzeko ideia atera zen, eta Erniarraitz Bertsozale Elkartearen parte hartzearekin bertso bazkaria egingo dugu ekainaren 18an", azaldu du Eizmendik. Letea Jatetxean izango da bertso bazkaria, trikitilariekin girotuta, eta Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin bertsolariak izango dira abesten. Borondegin eskura daitezke txartelak 26 euroren truke. Horrez gain, ekainaren 19an, igandea, izango diren herri kiroletan "herritarren parte hartzea" izango dela nabarmendu du zinegotziak. Izan ere, pentatloia egingo dute Beheko Plazan, bi taldetan banatuta. Lehen taldean harri jasotzen Aimar Irigoien izango da, giza proban Haritz Goenaga Imuntso, aizkoran Jon Aizpuru Muarritta, txingetan Xabier Irulegi Abitta eta korrikan Iker Zinkunegi Granada. Bigarren taldean, berriz, harri jasotzen Jon Unanue Goenatxo III.a arituko da, giza proban Iñaki Errazkin, aizkoran Julen Uzkudun Aiztitxo, txingetan Eritz Rodriguez eta korrikan Mattin Aiertza.

Festen hasiera, astelehenean

Bestalde, beste hainbat ohiko ekintza ere egingo dituzte jaietan. Ostiralean herri afaria egingo dute, eta txartelak Borondegin eros daitezke —helduena hogei eurotan, eta haurrena 11 eurotan—. Horren ostean, gaztetxoen dantza emanaldia izango da, baita Iratzarren erromeria ere. Larunbatean jarraituko du festak, eta bertso bazkariaz gain sagardo eta pintxo dastaketa ere izango dira herritarren gozamenerako. Igandean, berriz, herri kirolez gain herriko haurren eguerdiko euskal dantza erakustaldia eta arratsaldeko gaztetxoen esku pilota txapelketa izango dira, besteak beste.

Jaiak astebete atzeratu arren, ekainaren 13an, San Antonio egunez, hasiko dira ofizialki festak. 11:00etan meza izango da San Antonio ermitan, eta ondoren herriko haurrek txupinazioa botako dute ermita ondoan. Ondoren, Lidia eta Itzederrek girotuta hamaiketakoa egingo dute bertan, eta Lopeneren eskutik gaztetxoentzat abereak izango dira. 19:00etan, berriz, pintxo-poteoa egingo dute.

Hona hemen San Antonio jaietako egitaraua, osorik:

Ekainaren 13a, astelehena

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, txupinazoa herriko haurren eskutik; hamaiketakoa Lidia eta Itzederrek girotuta eta Lopeneren eskutik, gaztetxoentzat abereak.
  • 19:00. Pintxo-potea.

Ekainaren 17a, ostirala

  • 16:30. Ume jolasak.
  • 19:00. Triki-poteoa herriko gazteen eskutik.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 00:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
  • Ondoren, Iratzarren erromeria.

Ekainaren 18a, larunbata

  • 14:30. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Bertsolariak: Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin.
  • 17:00. Puzgarriak.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa.
  • 23:00. Obaneukeren erromeria.

Ekainaren 19a, igandea

  • 12:15. Herriko haurren euskal dantza erakustaldia.
  • 17:30. Gaztetxoen esku pilota txapelketa.
  • 18:30. Pentatloia, Beheko plazan.
  • Ondoren, trikitilariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide