Txikitasunaren handitasuna aldarrikatuz ospatuko dute ekainaren 12an Eskola Txikien Jaia Errezilen

Nerea Uranga 2022ko ekainaren 3a

Ekainaren 12an ospatuko dute 34. Eskola Txikien Jaia Errezilen. Jaiaren egitaraua gaur aurkeztu dute Errezilgo San Martin herri eskolaren atarian bertako guraso, irakasle eta irakasleek eta Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak, Gipuzkoako eskola txikietako hainbat ordezkariren eta Baikara elkartearen babesarekin. Egun osoko egitarauaz gainera, Errezilera joateko autobus zerbitzua eta kontsigna zerbitzua antolatu dituzte.

Eskola Txikiak Bizirik leloarekin jarraitzen dute urterik urte Eskola Txikien Jaia antolatzen, eta aurten Errezilen ospatuko dute jaia ekainaren 12an. Gaur festa egun hori aurkeztu dute, eta bertan parte hartu duten guztiek eskola txikiek "txikitasunean duten handitasuna" aldarrikatu dute, eta ekainaren 12rako prestatu duten jaian parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Errezilgo Toki Alai guraso elkarteko Oihana Trulak esan duenez, "eskola txikietako herrien arteko elkargunerako" festa eguna da jaia. "Eskola txikien komunitatea elkartuz, herri nahiz auzoen biziraupena ospatzeko jaia egiten da. Eskola txikiak herri nahiz auzoetan izateak dakartzan onurak azpimarratzen dira, hezkuntza saretzeak duen garrantzia aldarrikatuz, horretan elkarrekin jarraitzeko dagoen konpromisoa berresten da. Ikasle, irakasle, guraso eta herritarren arteko loturak eta harreman positiboak indartzea dela helburu egiten da lan". Lanaz gainera, ekarpen ekonomikoa ere beharrezkoa izaten dela adierazi du Trulak, eta horretan, gogora ekarri ditu enpresa edota erakunde publiko nahiz pribatuen dirulaguntzak eta ekarpenak.

Jaiaren ospakizunak antolakuntza lana eskatzen du, eta urtebeteko bidea egin dute horretan Errezilen. Izan ere, iazko ekainean Aizarnakoen eskutik Eskola Txikien Jaia antolatzeko lekukoa jaso zutenetik, festa egunaren antolaketan aritu dira Errezilen, talde desberdinetan banatuta. Lankidetza eta auzolana azpimarratu dituzte jaiaren aurkezpenean parte hartu duten kide denek. Hala esan du Trulak: "Herri lana, auzolana gailendu da ikasturte osoan zehar gure artean. Eta pozik gaude egindako bidearekin. Pozik eta esker oneko, gainera, Gipuzkoako eskola txikietako irakasle, ikasle eta gurasoengandik ere jaso dugun erantzun bikainarengatik".

Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak Eskola Txikien Jaia antolatzeko hezkuntza komunitateak nahiz herritarrek egindako lan bikaina eskertu du, eta horren emaitza ekainaren 12an "bistaratuko" dela nabarmendu du. Festa egun hori "beharrezkoa" da alkatearen ustez, "eskola txikiak bizirik mantendu behar" direlako. "Errezil bezalako herri txiki bat eskolarik gabe ezin dugu irudikatu. Bestalde, urtebete honetan, udala bidelagun izanik, herrian izugarrizko lana egin da, eta eskerrak horretan aritu diren den-denei". Alkateak ekainaren 12an Errezilera joatera gonbidatu ditu inguruko herrietakoak zein beste eskola txikietako kideak: "Errezil naturaz inguratutako herri eder bat izanik, egun polit bat pasatzeko aukera eskaintzen du. Festako ekitaldiez gainera, Errezil Sagarraren ibilbidea egiteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek".

Elkarlana oinarrian

Eskola txikien garrantzia nabarmendu dute jaiaren aurkezpenean parte hartu dutenek, baita hezkuntzak aurrera begira dituen erronkei aurre egiteko elkarlana ere. Hori oinarrietako bat dela azpimarratu du Gipuzkoako eskola txikien irakasleen ordezkari Irati Manzisidorrek: "Azken bi urteetan bizi izan dugunak pertsonon arteko distantziak handitu ditu, eta zenbait kasutan harremanak hoztu eta gaiztotu ditu. Baina hezkuntzak erronka ugari eta handiak ditu aurrean, eta hauei modu egokian erantzuteko bertan eragiten dugun kideok elkarrekin egin behar dugu lan: familiak, herritarrak, udaletako ordezkariak, eskola ezberdinak, administrazioak... Asko dugu elkarri emateko, elkarrengandik ikasteko, elkartu gaitezen bada". "Kalitatezko hezkuntza" eskaintzea dute helburu eskola txikiek, Manzisidorren arabera, eta horretarako, ezaugarri propioak baliatzen dituzte: "Adin aniztasuna, eskura ditugun gune eta baliabide ugariak, herriko eragileen arteko interakzioa eta elkarlana".

Gipuzkoako eskola publikoetako guraso elkarteak batzen dituen Baikara federazioaren koordinatzaile Usoa Urbietak ere eskola txikien balioa nabarmendu du: "Gure ustez eskola txikiek balio erantsi bat dute, izan ere hezkuntza konpromisoa, kudeaketa zuzena eta ingurumenarekiko koherentziaren adierazleak dira. Eskola txikiak dira, baina txiki izate horretan, ikasleen prestakuntza eta formakuntza bikainak dira, eta horrek gurasoentzat garrantzia handia du". Ildo beretik hitz egin du Eneritz Iturbe Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeko lehendakariak, eta hilaren 12ko Errezilgo jaian "txikitasunaren handitasuna" aldarrikatuko dutela adierazi du, eta jai egunaz gozatzera deitu ditu herritarrak.

Aurkezpenaren bukaeran, Miryam Urrutibeaskoa San Martin herri eskolako zuzendariak Errezilgo eskolak ibilbide luzea duela gogorarazi du: "Gaur egun herrigunean badago ere, gure herritarrek gogoan dute auzoz auzo antolatuta zegoen eskola sarea: auzo eskolak ziren orduan". Gaur egungo eskolaren eraikin berria 1995ean egin zen, eta egun 54 ikasle ditu: hemeretzi Haur Hezkuntzan eta 35 Lehen Hezkuntzan. "Eskola publikoa da. Zerbitzu publikoa ematen du, aukera berdintasuna eta inklusibotasuna bultzatzen ditu; hurbiltasuna, aniztasuna eta kohesio soziala erdigunean jarri nahi ditu", adierazi du eskolako zuzendariak. Bukaeran, Eihari Agirretxe eta Mikel zabala ikasleek festan parte hartzera eta egun eder bat pasatzera gonbidatu dituzte gainontzeko eskola txikietako kideak nahiz eskola handietakoak: "Ez da izango eta aspertzeko aitzakiarik".

Ekainak 12, Eskola Txikien Jaia, Errezilen

Autobus zerbitzua
Errezil herrigunea oso txikia izanik, herritik kanpo bi aparkaleku prestatuko dituzte, eta toki horietatik autobus zerbitzua ibiliko da joan-etorrian 09:00etatik 21:00etara bitartean.

- Azpeiti aldetik doazenentzat: Domusa Teknik enpresako aparkalekuan.
- Tolosa aldetik doazenentzat: Bidania-Goiazko industrialdean.

Kontsigna zerbitzua
Herrian bertan kontsigna bat prestatuko dute, Errezilera bertaratzen direnek modu seguruan gordeta izan ditzaten motxilak, jantziak edo dena delako trasteak.

Egitaraua
10:00-11:00. Harrera ekitaldia, Dantzalekuan.
11:00-14:00. Batukada herrian barrena
- Herriko produktuen azoka, Goiko plazan
- Herri kirolak, San Martin herri eskolan
- Puzgarriak, Beheko plazan
- Trebezia zirkuitua, San Martin herri eskolan
- Zirko tailerra, San Martin herri eskolan
- Eskalada txokoa, Beheko plazan
- Sormen tailerrak, Zimiterioan
- Elkar ezagutuz jolasa, Zimiterioan
14:30-15:30. Bazkaria, frontoian
15:30-17:00. Andoni Ollokiegiren kontzertua, frontoian
17:00-17:30. Ikasleen antzerkia, Maria Dolores Agirre, dantzalekuan
17:30-18:30. Baserriko porrusalda clown emanaldia, Dantzalekuan
15:00-19:00. Puzgarriak, San Martin herri eskolan
18:30-20:00. Argizulo Dup Station taldearen kontzertua, Dantzalekuan
Egun osoan, Errezil Sagarraren ibilbidea egiteko aukera. 3,5 kilometro ditu, eta ordubete inguruan egin daiteke oinez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide