Belamendiren idiak nagusi izan dira Igeldoren kontrako apustuan

Mailo Oiarzabal 2022ko apirilaren 18a

Gaur eguerdian jokatu dute dema Elgoibarren (Gipuzkoa). Errezildarraren idi parea bigarren tokian irten da probalekura, eta aurkariarenak baino 11 plaza gehiago egin ditu. 3.000 euro zituzten jokoan.

Martxoan Aizarnazabalen Enbili irabazi ondoren, beste idi apustu bat bereganatu du gaur Errezilgo Belamendik. Gaurkoa Elgoibarren (Gipuzkoa) jokatu dute, Sigmako probalekuan. Ezkioko (Gipuzkoa) Igeldoren idi parearekin neurtu dituzte indarrak gaur eguerdian Belamendiren abereek, eta aurkariek baino 11 plaza gehiago osatu dituzte. Igeldoren idiak plazaratu dira lehendabizi eta 32 plaza egin dituzte, Armaolea eta Igeldo itzain zituztela. Zer lan gainditu behar zuten jakinda irten dira probalekura, beraz, Belamendiren aldekoak, eta aldearekin gainditu dute Errezilgoaren idiek Igeldoren abereek egindako lana: 43 plaza osatu dituzte, Oliden eta Altuna itzainek gidatuta.

3.000 euro zituzten jokoan Belamendik eta Igeldok gaurko apustuan, eta Errezilera joan da diru saria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide