Euskararen aldeko uholde bihurtu da 22. Korrika Errezilen, Azpeitian eta Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2022ko apirilaren 8a

Gaur, ostirala, 12:30 pasatxo zirenean iritsi da Errezilera 22. Korrika, handik Azpeitirako bidea hartu du, eta herri hori zeharkatu ondoren Azkoititik igaro da. Jendea batuz joan den heinean, euskararen aldeko aldarria uholde bihurtu da milaka pertsonek parte hartuz.

12:30 pasatxo zirenean iritsi da 22. Korrika Errezilera. San Martin Herri Eskolako ikasle, guraso eta irakasleekin batera herritar ugarik egin diote harrera Errezilgo udaletxearen aurrean euskararen aldeko aldarriari. Ekainaren 12an herrian ospatuko duten Eskola Txikien Jaiaren aldeko leloarekin egin dute beren kilometroa herri eskolakoek, lekukoa hainbat ikasleren artean emanaz.

Errezildik Azpeitirako bidea hartu du 22. Korrikak, eta kilometroak egiten joan ahala haur, gazte eta heldu batzen joan dira euskararen aldeko aldarrira. Zalantza gutxi zegoen, baina Azpeitiak eta azpeitiarrek harrera beroa egin diote beste behin Korrikari. Euskararen aldeko aldarria uholde bihurtuta igaro da herritik, eta eguzkiak ere harrera egin dio euskararen aldeko lasterketari.

Aurreikusitako orduarekiko hamar bat minutuko atzerapenarekin iritsi da 22. Korrika Azpeitira. Errezilgo partetik hasita zituzten kilometroak hartuta Azpeitiko eragile, talde, enpresa eta gainerakoek, eta Gazteko biribilgunetik Landeta hiribidera iritsi denerako jendetzak osatzen zuen lekukoaren eta pankarta nagusiaren atzeko segizioa.

Erdigunera hurbildu ahala, are indartsuagoa bihurtzen joan da marea, gero eta jendetsuagoa segizioa. Eta horrela joan da Azkoitia aldera Korrika, lekukoa eskutik eskura eta irribarreak, emozioak, kantuak eta aldarriak ozen, bi urte barru itzultzeko.

Azkoitira ere aurreikusi baino zertxobait beranduago iritsi da 22. Korrika, baina ohiko harrera beroarekin hartu dute azkoitiarrek. Munategi parean hartu dute Korrikaren lekukoa azkoitiarrek, eta Urretxurako bidea hartu aurretik, milaka lagun batu dira AEK-k euskararen alde prestatzen duen lasterketa erraldoira.

"Hike, hike, hike, Azkoittin antxintxike!" eta "hemen gaude euskararen alde!" oihuak lau haizetara zabalduz, emozioz beteta eta pozez gainezka zeharkatu dituzte azkoitiarrek txokoak, eta herriko hamaika talde, eragile, erakunde zein kuadrilla arduratu dira lekukoa eramateaz. Giro paregabea nagusitu da ibilbidean zehar.

Azkoitia uztearekin batera, utzi du 22. Korrikak Urola Kosta eskualdea. Gaur, goizaldeko ordu txikietan igaro ditu euskararen aldarriak Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio.

Hona hemen gaur eguerdiko 22. Korrikaren argazki bildumak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide