Egun seinalatua izango da datorren ekainaren 12a, igandea, Errezilen. Urte arrunt batean, San Antonio jaietan murgilduta egongo lirateke errezildarrak egun horietan, baina, aurten, bestelakoa izango da egoera. Izan ere, 34. Eskola Txikien Jaia egingo dute egun horretan herrian, Eskola Txikiak Bizirik lelopean; hori dela eta, sanantonio jaiak astebete atzeratuko dituzte. Joan zen ekainean hartu zuten lekukoa San Martin herri eskolako kideek Aizarnakoen eskutik, eta laster hasi ziren jaia prestatzeko lanetan eskolako kideak zein beste hainbat herritar.
Gaur goizean jaiaren aurkezpena egin dute San Martin eskolaren atarian, eta bertan izan dira Miryam Urrutibeaskoa eskolako zuzendaria, Leire Lazkano irakasle zein gurasoa, Oihana Trula Toki Alai guraso elkarteko ordezkaria eta Alaia Agirretxe nahiz Ainhoa Aiertza ikasleak. Horiek beste hainbat ikaslez eta herritarrez inguratuta hartu dute hitza, eta festaren prestakuntza lanetan buru-belarri sartuta dabiltzala jakinarazi dute.
Trula izan da hitza hartzen lehena, eta aurtengoa Errezilen Eskola Txikien Jaia egiten den bigarren aldia izango dela gogorarazi du. Izan ere, 1995ean egin zuten aurrenekoz jaia Errezilen, halako lehen festa egin zenetik —1988an egin zen, Bidanian— zazpi urtera, hain justu. Urte horretan inauguratu zuten, gainera, Errezilgo eskolaren egungo eraikina. Trulak adierazi duenez, ikasleen, irakasleen, gurasoen eta herritarren arteko "loturak eta harreman positiboak indartzea" da ospakizun horren helburu nagusietako bat, eta, era berean, eskola txikien "erronkak eta aldarrikapenak" adierazteko gune izaten da festa.
"Ukaezina da eskola txikiek herri nahiz auzo txikietan duten garrantzia eta eragin positiboa. Errezilen dugun eskolari esker, gure txikiei beren herrian hazteko eta hezteko aukera ematen diegu. Adin ezberdinetako ikasleen arteko harremanetan murgiltzen dira ikasleak, eta beren jaioterrian hasten dira ikaskuntza prozesua garatzen", azaldu du guraso elkarteko ordezkariak. Jaiaren prestakuntzak "lan handia" eskatzen duela jakinarazi du Trulak, eta joan zen ekainean egin zuten lehen bileratik sei lantalde osatu dituztela, koordinazio taldeaz gain: salmenten taldea, zerbitzuena, komunikazioarena, kudeaketa ekonomikoarena, trafikoarena eta ikuskizunena. Era berean, Errezil inguruko enpresa publikoek zein pribatuek eskainitako laguntzan ere egin du azpimarra Trulak.
Ilusioa eta ardura
Lazkanok, bestalde, eskola jaiaren inguruan egiten ari den koordinazio lanaren berri eman du aurkezpenean. Hark adierazi duenez, "ilusioz, baina arduraz" hartu zuten lekukoa Aizarnan, eta, orain, urte guztiko programazioa eta plangintza prestatzen ari dira. Domusa Teknik eta Kulturaz kooperatibek sinatutako hitzarmena ere izan du gogoan Lazkanok: "Hitzarmen hori lagungarria da prestatzen ari garen ekintzak aurrera ateratzeko".
Eskolan, besteak beste, Maria Dolores Agirre idazle errezildarraren inguruko antzezlana prestatzen ari dira, eta, horrez gain, beste hainbat ekintza ere egingo dituzte Eskola Txikien Jaia heldu aurretik zein egunean bertan. Esaterako, Eskola Txikien sareak antolatuta gauzatu berri dira Errezilen eskola-jantokiei buruzko jardunaldiak. Jantoki ereduez eta elikadura sistemaz aritu ziren solasean. Bestalde, 2022ko logoa ere aurkeztu du Lazkanok aurkezpenean, eta adierazi du joan zen irailean eskola txikien logoekin erakusketa egin zutela; handik atera zuten aurtengo logoa.
Urrutibeaskoak San Martin eskolaren zein gainontzeko eskola txikien filosofia izan du hizpide aurkezpenean. Eskola guztiek dituzten ezaugarri komunak zeintzuk diren azaldu du hark; besteak beste, guztiak "publikoak, txikiak eta landa eremukoak" direla nabarmendu du, eta ezaugarri guztien artean "hurbiltasuna" azpimarratu du: "Aniztasuna, kohesio soziala eta hurbiltasuna erdigunean jarri nahi ditugu eskola txikietan, aukera berdintasuna eta inklusibitatea bultzatuz; hori guztia, euskaraz biziz eta haziz". Bestalde, San Martin eskolako adin aniztasunari ere garrantzia eman dio eskolako zuzendariak: "Badakigu adin desberdinetako ikasleak elkarrekin ari direnean sortzen den elkarreragina oso aberatsa dela, eta horretaz baliatzen gara gure ikaskuntza elikatzen saiatzeko".
Horrez gain, San Martin eskola "guztiena" dela esan du Urrutibeaskoak, eta eskola osatzen duten kide guztien harremana bultzatzea dutela helburu: "Gertutasunetik abiatzen gara eskola txikien jardueretan, herri txikitik mundu zabalera. Jai honen antolaketan ere gertu-gertutik hasi gara. Lan asko dugu egiteko, baina ikasle, irakasle eta guraso denok elkarrekin buru-belarri ari gara horretan".
Ikasleak ere prest
Aurkezpenaren amaieran, San Martin eskolako bi ikaslek ere izan dute hitza hartzeko abagunea. Alaia Agirretxek eta Ainhoa Aiertzak ikasle guztien izenean hitz egin dute jendaurrean; ikasle guztiek herrian biziko duten lehen jaia izango da aurtengoa, eta "oso pozik" daudela jakinarazi dute bi bozeramaileek: "Urduri gaude, dena ondo ateratzea nahi dugulako". Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bultzatzen duen Nolega programaren bitartez, beste lau eskola txikirekin batzen dira urtero Errezilgo ikasleak, eta gustura agertu dira Agirretxe zein Aiertza, aurten beste eskola batzuetako kideak ezagutzeko aukera ere izango dutelako.
Egun, 54 ikasle daude matrikulatuta San Martin eskolan: hemeretzi ikasle Haur Hezkuntzan eta 35 Lehen Hezkuntzan. Aurkezpena amaitu bezain pronto, ikasle guztiak atarira jaitsi dira, eskolako komunitatearen parte direnekin eta beste hainbat herritarrekin batera argazki erraldoia ateratzeko. Ekainaren 12an, Lizartzako herri eskolako kideei pasatuko diete lekukoa errezildarrek.