Azken urteotan euskara eta ikerkuntza izan ditu bizibide Josune Zabalak (Donostia, 1978), eta, besteak beste, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Soziolinguistika Klusterrean eta Mintzola Ahozko Lantegian lanean aritu ostean, duela bost urte Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketarako eta Koordinaziorako zuzendari postua hartu zuen. Errezilen bizi da azken hogei urteotan, herritarrek euskara hitzetik hortzera darabilten herrian. Bere lan ibilbide oparoan “dozenaka kontu” ikasi dituela dio Zabalak, baina, bereziki, bat: “Zure argiak itzaltzen dituzunean, besteenak askoz hobeto ikusten dira”.
Bost urte daramatzazu Jaurlaritzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari postuan. Zer aldatu da ordutik?
Azken bost urteotan, bereziki, elkarrekin lan egitean jarri ditugu indarrak. Ildo horretatik, azpimarragarriak dira hizkuntza politikari lotutako hainbat programa; adibidez, Euskaraldia. Bestalde, aipagarria da Hedabideen Mahaia sortu izana ere, euskal hedabideen inguruan irakurketa osoago bat egiteko, lankidetzan. Horrez gain, 2017an Udal Legea aldatzea ere garrantzitsua izan zen, modu horretan Eusko Jaurlaritzak zituen eskumen batzuk udalen esku utzi baitzituzten; hortik Jaurlaritzaren eta udalen arteko beste lankidetza modu bat sortu zen, ez dena bereziki diru ekarpenean oinarritzen, baizik eta lidergoan eta koordinazioan. Bestalde, 2017an EAEren, Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren artean Hiruko Ituna sortu izana ere garrantzitsua da, hiru lurraldeen artean konpromisoak hartu baititugu euskara perspektiba zabalago batekin sustatzeko. Esanguratsua da Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak egin duen apustu ekonomikoa ere, bost urtean %32 igo baita aurrekontua.
Gaur egun, zeintzuk dira zure zeregin nagusiak?
Gure zuzendaritzak lau adar ditu. Horietako bat ikerketan oinarrituta dago: Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa, Euskararen Adierazle Sistema, Euskararen aurrekontuak… Bestalde, koordinazio eremua ere badago; Euskararen Aholku Batzordeko idazkaria naiz, eta Gobernu Kontseiluan onartutako agenda estrategikoa kudeatzea ere badagokit, besteak beste. Hirugarren adarra eremu sozioekonomikoa da: euskararen sustapena eremu horretan, LanHitz programa, Bikain ziurtagiriak… Eta, azkenik, laugarren adarra genero berdintasunaren planaren kudeaketarena eta koordinazioarena da, gure taldea eratu zenetik argi baikenuen genero berdintasuna zeharlerro gisa lantzeko beharra zegoela.
Euskararen egoera eta bilakaera dituzue ikergai, besteak beste. Gai horren inguruan zer islatzen dute Eusko Jaurlaritzaren inkesta soziolinguistikoek?
Euskararen bilakaeraren irakurketa egiten badugu maila kuantitatibotik eta inkestak oinarri hartuta, esan dezakegu atxikimendua gero eta handiagoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ezagutza eta erabilera ere bai. Alegia, goranzko bilakaera bizitzen ari den hizkuntza komunitatea gara, azken lau hamarkadetan gutxienez. Bereziki, gazteak dira euskaldunak, eta gazte euskaldun horien izaera eta profila ez da duela berrogei urte zegoen bera; pluralagoak diren gazteak eta hizkuntza komunitatea ditugu, eta horrek beste ondorio batzuk ditu euskararen erabileran, atxikimenduan zein ezagutzaren nolakotasunean.
Errezilen bizi zara, euskararen erabilera presente dagoen herri batean. Ikusten al duzu bertako egoeraz kezkatzeko arrazoirik?
Hizkuntza batek bere bizitzan garapena du, eta aldakorra da; aldakortasun horretan faktore desberdinek eragiten dute. Gure ikerketa soziolinguistikoetan laugarren eremuan dagoen herria da Errezil; arnasgunea da, eta euskaraz bizitzeko, normalean, ez da arazorik izaten. Alde horretatik, laugarren eremu soziolinguistikoak duen alderdi zaurgarrietako bat da euskaldun dentsitate handia izanagatik, biztanleria txikia den neurrian, mugimenduek asko eragiten dutela.
Urola Kostan, berriz, euskararen egoeran desberdintasun handia dago herri batetik bestera.
Urola Kosta eskualdea Gipuzkoako euskaldunena da; hau da, euskara jakin eta erabiltzen den dentsitaterik handieneko eremua da. Itsasaldean ezaugarri batzuk daude,eta barrualdean beste batzuk, eta horien barruan ere herri bakoitzaren harreman sozioekonomikoak aintzat hartuta, desberdintasunak daude. Dena den, esango nuke Urola Kostara bizitzera joaten direnek euskaraz ikasteko aukera izaten dutela, eskualdeak berak aukera hori ematen baitu.
Euskararen ezagutza goraka doala diozu, baina erabileraren beherakada kezka iturri da hainbat eragilerentzat. Ezagutzak bermatzen al du erabilera?
Soziolinguistikaren ikuspegitik denok dakigu ezagutzak ez duela zuzenean erabilera ekartzen; hau da, euskaraz jakiteak ez du esan nahi euskara erabiliko denik. Hori aurreiritzi oker bat da, eta frustrazio handia sortzen du. Erabileran eragiten duten faktoreak beste batzuk dira: euskaraz ondo jakitea, ingurunea euskalduna izatea, euskarari lotutako ohiturak izatea, eremu formalean ez ezik informalean ere euskararen presentzia egotea… Beste baldintza batzuk bermatu behar ditugu euskararen erabilera ziurtatu ahal izateko. Beraz, ezagutzak dakarrena da beste bati hitz egiten diogunean gutxienez beste horrek gurekin euskaraz hitz egiteko aukera izatea, baina horrek ez du esan nahi euskaraz dakiten bi pertsona elkarrekin jartzen baditugu, euskaraz ariko direnik. Datu soziolinguistikoen arabera, euskararen erabilera goraka doa; beste gauza bat da kale erabilerarekin zer gertatzen den, baina hori ezin dugu estrapolatu eremu guztietara. Badakigu gero eta euskara gehiago hitz egiten dela eremu formalean edo administrazioan, baita familietan ere. Begirada orokor batetik esango nuke goranzko joeran dagoen hizkuntza komunitatea garela, oztopoak oztopo eta erritmoak erritmo.
Ezagutza handitzeaz hitz egitean, sarritan hezkuntzan jartzen da begirada. Hezkuntza Legea pil-pilean dagoen honetan, D eredua nahikoa al da ikasle bat euskalduntzeko?
Bideak eta denborak irakatsi digu hezkuntzaren bidez garatzen den euskararen irakaskuntzak ez digula eman guk sinesten genuen horren emaitza; erakutsi digu hori baino askoz konplexuagoa dela euskaldun izatea. D ereduaren funtzioa da eskolatik haurrak euskaraz eta gaztelaniaz maila berean ateratzea, eta maila txikiagoan hirugarren hizkuntza batean. Eskolaren egitekoa hori da; beste gauza bat da bizkar gainean zer egiteko jarri diogun hezkuntzari, eta hortik zer-nolako irakurketa egiten ari garen lortu duen edo ez duen horrekiko. Zer egin du ekosistemak gainerako guztian? Orain badakigu eskolan egiten denak bakarrik ez duela gure amets hori gauzatuko. Esaten dugunean D ereduak porrot egin duela… Agian, huts egin duena ekosistema garatu bat ez izatea izan da, bazterrean utzi gabe D eredu hobea eta garatuagoa egiteko aukerak ere baditugula.