Eskola Txikien Jaia antolatzeko lanak aurreratuta dituzte Errezilen

Nerea Uranga 2022ko otsailaren 10a

Ekainaren 12an egingo dute jaia, ‘Eskola Txikiak bizirik’ lelo hartuta. Errezilgo hezkuntza komunitatekoek zazpi lantalde osatu dituzte festa eguna antolatzeko.

Ekainaren 12an ospatuko dute Eskola Txikien Jaia Errezilen. Jai egun hori antolatzeko lanean hasita daude San Martin herri eskolako ikasle eta irakasleak eta Toki Alai guraso elkartekoak. Aurki aurkeztuko dituzte festa bera eta logoa jendaurrean.

26 eskolak osatzen dute Gipuzkoako Eskola Txikiak sarea, eta horietatik bost daude eskualdean: Aizarnako Herri Eskola, Aizarnazabalgo Basakaitz herri eskola, Arroako Herri Eskola, Oikiako Herri Eskola eta Errezilgo San Martin herri eskola.

Ezohiko moduan jaso zuten iazko ekainean Errezilgo San Martin herri eskolako Toki Alai guraso elkartekoek aurtengo Eskola Txikien Jaia antolatzeko lekukoa Aizarnakoen eskutik. Izan ere, Errezili 2021ean egokitzen zitzaion festa egitea, baina pandemiaren eraginez, Aizarnan ospatzekoa zen 2020ko jaia bertan behera gelditu zen, eta iaz modu berezi eta xume batean ospatu zuten atzeratutako Eskola Txikien Jaia Aizarnakoek.

Lanerako sarea osatuta
34. Eskola Txikien Jaia izango da ekainean Errezilen ospatuko dutena. Gainera, udalerri horretan bigarren aldiz egingo dute, 1995. urtean gauzatu baitzuten aurreneko aldiz. "Eskola txikiak dituzten herriak elkartzeko festa eguna izan ohi da. Eskola txikien komunitatea elkartuz, eskola berezitu hauetako herrien nahiz auzoen biziraupena ospatzeko jaia egiten da. Ikasle, irakasle, guraso eta herritarren arteko loturak eta harreman positiboak indartzea da helburua, eta eskola txikiekin lotuta momentuko erronkak edo aldarrikapenak adierazteko gunea ere izaten da jaia", azaldu dute eskola txikien sareko ordezkariek urteroko ospakizunaren inguruan. Eskola Txikiak bizirik leloarekin antolatzen dute urtetik urtera jaia.

Festa egunaren leloa aintzat hartuta, Errezilen iazko ekainean bertan egin zuten lehen aldiz aurtengo jaia antolatzeko herri mailako bilera. Ondoren, arlo desberdinak jorratzeko zazpi lantalde sortu zituzten, eta bakoitza bere lanean ari da, hala azaldu du lantalde horietako bateko kide den Josune Zabalak: "Era askotako lantaldeak ditugu antolatuta: zerbitzuak, errepideak, komunikazioa, jantziak... Eta bakoitza bere bidea egiten ari da".

Errezilgo San Martin herri eskolakoak Eskola Txikien Jaia antolatzeko lekukoarekin (Argazkia: Nerea Uranga)


Eskola Txikien Jaia antolatzeko erronkari heldu beharrak herrian dinamika eta ilusioa pizten dituelakoan dago Zabala: "Eragina du herri txiki batean horrelako jai egun bat antolatzeko erronkak. Geure buruari horrelako helburu bat jartzeak lagundu egiten du gure arteko harremana sendotzen, gehiago elkartzen eta herri txiki batean eskola bat izateak duen garrantziaz berriro jabetzen. Azkenean, Errezilen herriko jaiak antolatzeko edota sagarrari lotutako ekitaldiak prestatzeko elkartzen gara, baina Eskola Txikien Jaia bezalako ekitaldi batek gurasoen eta irakasleen arteko harremanak estutzen ere laguntzen du". Festa eguna antolatzeko bidea eraikitzen «herriko hezkuntza komunitatea» osatzen dutenak ari direla nabarmendu du Zabalak: "Lantaldeak koordinatuta ari dira lanean, eta sare bat daukagu osatuta".

Laguntzaileak
Azpeitiko Kulturaz kooperatiba ere ari zaie laguntzen jaia antolatzen, hala adierazi du Zabalak: "Errezilgo Domusa Teknik enpresak eta Kulturaz kooperatibak Errezilen kultur ekintzak sustatzeko hitzarmena sinatu zuten iazko maiatzean. Akordio horretan Errezilgo herritarrak, Errezilgo Udala eta San Martin eskolako komunitatea hartzen dira kontuan, eta horri esker, Kulturaz jaiaren antolakuntzan ere laguntzen ari da".
Lankidetza horren adibide da Errezilgo Eskola Txikien Jaiaren logoaren sorkuntza prozesua.
Ekaineko festa eguneko irudiaz gainera, edukia osatzeko lanak ere aurreratzen ari dira Errezilgoak: "Jairako egitarau guztia pandemia nahiko ondo joango den esperantza horretan pentsatuta dago".

Sanantonioetan eragina
San Antonio egunaren bezpera egokitzen da Errezilgo Eskola Txikien Jaiaren eguna. Hori kontuan hartuta, sanantonioak asteburu bat atzeratzea adostu dute. "Berez, Eskola Txikien Jaia egingo den asteburuan ospatuko lirateke herriko festak, baina herrian bilera bat egin zen, eta sanantonioetako ekitaldiak asteburu bat atzeratzea [ekainak 18-19ko asteburura] erabaki zen", kontatu du Zabalak.

Herri txikietan eskola txikiek duten garrantzia hauspotzeko lanean segituko du Errezilgo hezkuntza komunitateak, eta bere jardunaren lehen argi izpiak laster plazaratuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide