Energia aurrezteko gakoak barneratu eta horiek praktikan jartzea helburu, aurrera jarraitzen du Euronet 50/50 ekimenaren barruko Entzun Energiaren Ahotsa kanpainak, eta Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo ikastetxeetako kideek egitasmoan parte hartzen jarraitzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak sinatutako hitzarmena da kanpainaren oinarria, eta Urola Erdiko bederatzi ikastetxe ari dira bertan parte hartzen.
Atzo egin zuten kanpainaren aurkezpena Errezilgo Borondegi aretoan, eta prentsaurrekoan izan ziren Monica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendari nagusia, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea nahiz Iraurgi Berritzeneko presidentea, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, Xebero Agirretxe Errezilgo alkatea eta Jon Bereziartua Azpeitiko Ikastola Ikasberriko irakaslea eta koordinatzailea. Horrez gain, kanpainan parte hartzen ari diren beste zortzi ikastetxeetako zuzendariak eta Energia Mahaian parte hartzen duten zenbait ikasle ere izan ziren aurkezpenean, hitzartzearen ondoren eskoletako ordezkariek hitzarmena sinatu baitzuten norberak bere herriko alkatearekin.
Jardunbide egokiak xede
Entzun Energiaren Ahotsa kanpainaren helburu nagusia ikastetxeetan energia aurreztea da, eta energiaren erabileran zein kudeaketan "jardunbide egokiak ezartzea". Ondoren, ikastetxe bakoitzean lortutako aurrezpen ekonomikoak kontsumo txikiagoa duten eta energia eraginkortasuna hobetzea dakarten ekintzetan inbertituko dira. Dagoeneko hiru urte igaro dira Euronet 50/50 ekimena Urola Erdiko herrietan martxan jarri zutenetik, eta, dagoeneko, Europa osoko 500 ikastetxe batu dira egitasmora, "emaitza arrakastatsuekin".
Aurkezpenean Agirretxe izan zen hitza hartzen lehena, eta hark eskerrak eman zizkien gainontzeko instituzioetako ordezkariei, Errezil Euronet 50/50 ekimena aurkezteko aukeratzeagatik. Pedreira izan zen hitza hartzen hurrengoa, eta erakundeak Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin sinatutako hitzarmena izan zuen hizpide: "Hitzarmen horren helburua da Gipuzkoako eskualde guztiek tokiko ekintza planak gauzatzea lurraldearen jasangarritasun energetikorantz aurrera egiteko, GK 2050 Klima Aldaketaren Gipuzkoako Estrategian ezarritako helburuen ildotik".
Aldundiaren Ingurumen Sailak 50.000 euroko dirulaguntza eman dio Urola Erdia eskualdeari, ekimenaren helburuak gauzatzeko: "Hitzarmen horien helburua jasangarritasun energetikoko estrategia komun bat sustatzea da, baita Gipuzkoako gizartearen pobrezia energetikoa murriztea eta prebenitzea ere, mendekotasun energetiko txikiagoa eta CO2 emisioen maila gero eta baxuagoak errazteko". Ildo horretatik, Ingurumen zuzendariak "tokiko eta eskualdeko ekintza plan batean lan egitearen balioa» azpimarratu zuen, horren bitartez, «energia sistema eraldatzen laguntzeko".
Alkortak, bere aldetik, elkarlanari eman zion garrantzia: "Guztiok jarri behar dugu geuretik energiaren kontsumoa gutxitu eta trantsizio energetikorako bidea egiteko". Azpeitiko Udaleko kasua ere azaldu zuen, eta nabarmendu zuen azken hiruzpalau urteetan udal eraikinen eta argiteria publikoaren energia kontsumoa %7 jaistea lortu dutela. Zubizarretak, bestalde, Euronet 50/50 proiektua "kontzientzia hartzeko lagungarria" izan dela azaldu zuen: "2020. urtean sinatu genuen lehendabiziko aldiz proiektura atxikitzeko hitzarmena, eta seinale ona da jarraipena emateko gai garela ikustea". Azkoitiko alkateak eragile desberdinek egindako lana ere eskertu zuen hitzartzean: "Badakit pandemia dela-eta ikastetxeetan ezin izan direla aurreikusitako hainbat neurri hartu, baina hasitakoa hasita egoten da, eta ahalegin honek emango du emaitza".
Ikastetxeen partaidetza
Jon Bereziartua Azpeitiko Ikastola Ikasberriko irakasleak eta koordinatzaileak ikastetxe guztien izenean hitz egin zuen, ekimenean parte hartzen ari diren ikasleen lanaz solasteko: "Ikasturte hasieran energia taldeak osatu ziren, ikastetxe bakoitzaren funtzionamendua aintzat hartuz eta Eskolako Agenda 2030 proiektuarekin uztartuz". Talde horiek ikasleek, ikastetxeetako zuzendariek, irakasleek, atezainek eta udaletako teknikariek osatzen dituzte, eta horiek dira ikasturte osoan zehar proiektua bultzatzen dutenak, baita egitasmoa eskola komunitate osoari helarazteko ardura dutenak ere.
Bereziartuaren hitzetan, Euronet 50/50 "pausoak ondo zehaztuta" dituen ekimena zela ikusi zuten bertan parte hartzen hasi zirenean. Azken bi urteetan Energia Mahaiak "biltzeko arazoak" izan dituela nabarmendu zuen, pandemia biltzeko oztopo izan baita. Dena den, dagoeneko ibilbide energetikoa egiteko aukera izan dutela nabarmendu zuen Bereziartuak, ikastetxe bakoitzeko ordezkariek beren eraikineko diagnostikoa egin dezaten, ondoren, ekintza plana zehazteko. "Orain arte oztopo askorekin bada ere, aurrera goaz ekimenarekin, urtero hobekuntzak egiteko asmoz".
Urola Erdiko Energia Mahaiaren barruan Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo bederatzi ikastetxe daude, eta horiek dira Euronet 50/50 ekimenean parte hartzen ari direnak. Azkoitiko ikastetxeen kasuan, Bizilore Eskola Aktiboa, Xabier Munibe Ikastola, Azkoitia BHI eta Izarraitz Lanbide Heziketa dira parte hartzen ari diren ikastetxeak; Azpeitian, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Iraurgi Ikastetxea eta Urola Ikastola BHI dira partaideak, eta Errezilen, San Martin Herri Eskola. Zentro horietako 6 urtetik 17 urtera bitarteko ikasleak dira parte hartzaileak, hain zuzen ere. Ikastetxe bakoitzeko Energia Taldeak norbere eraikinaren energia diagnostikoa egingo du, ondoren, iaz egindako ekintzak aztertuz eta diagnostikoaren informazioa baliatuz, ikasturteko ekintza plan berri bat egiteko helburuarekin. Horrekin kalkulatuko dute zentro bakoitzean argindarraren, erregaien edo gasaren kontsumoa murriztu ote den edo ez.