Katrin Eibenstein: "Euskara hizkuntza polita eta interesgarria iruditzen zait"

Nerea Uranga 2021eko abenduaren 2a

Orain dela bi urte etorri zen aurrenekoz Eibenstein (Berlin, 1969) Errezilera, Wwoof sarearen bidez. Ordutik amets egiten zuen urtaro guztiak Errezilen bizitzearekin; Irure Txiki baserrian bete du gogo hori.

Etxalde ekologikoetan, mantenuaren truke, boluntario lan egiteko Wwoof sarearen bidez etorri zara Errezilgo Irure Txikira. Nolatan Errezilera?

Wwoof sareari esker, aurreneko aldiz orain dela bi urte etorri nintzen Errezilera. Orduan, ordea, bi asteko egonaldia egiteko etorri nintzen Irure Txikira. Dena oso ondo joan zen, eta Errezilen aurkitu nuen hori guztia behar nuela pentsatuta itzuli nintzen Alemaniara. Denbora gehiagorako etorriko nintzela erabaki nuen. Izan ere, nire ametsa urte oso batez Errezilen egotea zen, urtaro guztiak bertan bizi ahal izateko: uda, udazkena, negua eta udaberria. Oraingo egonaldian hala egin dut, eta aukera izan dut garai bakoitzean zer lan egin ohi den esperimentatzeko, aldian aldiko arazoak zeintzuk diren eta horiei zer irtenbide eman behar zaien ikasteko. Besoak zabalik hartu naute Irure Txikin eta Errezilen, eta familiakoa bezala sentitzen naiz.

Berlindik, hiri handik batetik, Errezilera, herri txiki batera, etorri zara.

Berlin hiri handia da, eta han bizitzen 30 urte egin ondoren, nekatuta nengoen pixka bat; etenaldia behar nuela sentitzen nuen. Gainera, une hartan nire bizitzako baldintzek aukera ematen zidaten eten hori egiteko: gurasoak ondo zeuden, semeak bere bizitza egiten zuen, ez neukan bikotekiderik, ezta inolako loturarik ere. Beraz, urtebete kanpoan egiteko aukera ona zela pentsatu nuen. Eta bai, Berlindik Errezilera etorri nintzen. Errezil herri txikia da, baina hemengo bizi kalitatea ona da; herriko bizitza egiten da, baina dena dago eskura: denda, eskola, udaletxea, medikua, erizaintza, kirola egiteko pilotalekua, kultur ekitaldiak, Borondegi taberna, autobusa Azpeitira edota Tolosara joateko... Adibidez, nire aita Alemaniako herri txiki batean bizi da, baina han ez dago ezer. Oso goxoa da Errezilgo bizitza: mendira, kalera, dendara nahiz edonora irtendakoan, jendeak elkarri hitz egiten dio. Errezilen bizitzen hamar urte emango banitu bezala sentitu naiz askotan. Bertako bizimodua asko gustatzen zait, eta asko disfrutatu dut urtebete honetan. Jende atsegina dago, eta nire euskara apala izan arren, inoiz ez dut arazorik izan komunikatzeko.

Lanbidez, alemaneko irakaslea zara. Urtebete honetan, berriz, euskara ikasi duzu. Zer moduz?

Jende askok dio euskara hizkuntza oso zaila dela. Nire ustez, hizkuntza guztiek dituzte alde zailak eta errazak, baita euskarak ere. Gauza batzuk zailak ditu, aditzak, esaterako: du, dut, naiz, nintzen... Buruari bueltak eman beharra eragiten dute aditz horiek. Baina baditu hitz oso politak ere: bihotza, eskuzabala... Zentzua daukate, eta gogoratzeko errazak dira. Inperatiboa erabiltzea oso zaila da alemanez, eta euskaraz, erraza: esan, jan, hartu... Euskara oso hizkuntza polita eta interesgarria iruditzen zait.

Alemaniaren eta Euskal Herriaren arteko bizimoduan zer alde aurkitu dituzu?

Zaila da deskribatzea. Berlin oso hiri handia eta oso dinamikoa da, eta kanpotik hara joandako jende asko dago, baita kanpoko jakien jatetxe ugari ere: afrikarrak, amerikarrak... Hemen, berriz, janaria soilagoa da: babarrunak baratxuri eta olio pixka batekin, eta listo! Alemanian, aldiz, osagai asko nahastuta prestatzen dira jakiak. Hemengo jatekoa oso garbia da, eta hori asko gustatzen zait. Horrez gain, otorduak etxean elkarrekin egiteari garrantzi handia ematen zaio Euskal Herrian, eta hori ere ederra da; nahiz eta batzuetan lanagatik-eta zaila gertatzen den. Berlingo eta Errezilgo bizitzak oso desberdinak dira, baina ez dut ezer falta izan hemen.

Urtaro guztiak Errezilen bizi ondoren, berriro Alemaniara...

Baina itzuliko naiz Errezilera. Aurtengo sagardoa probatzera, seguru! Sagardozale amorratua naiz. Alemanian ere badago edari hori, baina gozoagoa eta gas gehiagokoa da. Errezilgo sagardoa hobea da, askoz hobea.

Herri txikitik hiri handira?

Ez, Berlingo liburua itxita dago niretzat. Ama gaixo dago, eta harengandik gertuago egoteko eta laguntzeko, herri txiki batean bilatu nahi ditut lana eta etxea. Nire ametsa da hiru egunez irakasle gisa lan egitea, eta beste bi egunetan baratzeren batean jardutea; buruarekin eta eskuekin lan egin nahi dut, alegia. Eskuak lurrean sartuta, landareekin lan egitea gustuko dudala konturatu naiz Errezilgo egonaldian.

Esan duzu Errezilen zer aurkitu duzun. Eta Euskal Herrian?

Hona etorri aurretik Euskal Herriaz pixka bat banekien, ETAri buruz-eta entzunda. Baina konturatu naiz oso gutxi nekiela, eta ezustekoa izan da hemen aurkitu dudana. Euskal Herrian politika oso presente dago. Ikasi dut Euskal Herria ez dela Espainia, hori garbi dago, desberdintasun handiak daude bien artean: hizkuntzari, kulturari, eguraldiari eta abarri dagokionez. Orain, Euskal Herriaz gehiago jakiteko interes handia dut.

Euskara ikasten jarraituko al duzu?

Bai, saiatuko naiz. Errezilgo kuadrillako Amaiarekin tandema egin izan dut: sagarraren ibilbidea egiten genuen elkarrekin, ibilbide erdia euskaraz hitz eginez eta beste erdia alemanez. Ea Skype bidez bada ere elkarrekin hitz egiten jarraitzen dugun. Baina euskarazko musika asko entzungo dut, hori ziur.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide