Trikiti eta bertso poteoarekin girotu dute Errezilen sagardo eta pintxo dastaketa

Andoni Elduaien 2021eko azaroaren 14a

Alaia Martin eta Agin Laburu bertsolariak eta Unai Izagirre eta Haritz Garmendia trikitilariekin batera egin zuten festa errezildarrek atzo.

Ostegunean hasi ziren San Martin jaiak Errezilen, eta herriko festetan bete-betean murgilduta jarraitzen dute han. Atzo, esaterako, trikiti eta bertso poteoa egin zituzten Unai Izagirre Attola nahiz Haritz Garmendia trikitilariekin eta Alaia Martin zein Agin Laburu bertsolariekin. Borondegin hasita, jende ugari ibili zen herriko tabernetan eta elkarteetan trikitilarien eta bertsolarien atzetik.

20:00etan, berriz, sagardo eta pintxo dastaketa egin zuten frontoian eta jende asko elkartu zen han. Trikitilariak eta bertsolariak ere bidelagun izan zituzten iluntzean ere errezildarrek. 

Gaurko egitaraua

Gaur, igandea, krosa izango da haurrentzat 12:00etan; 11:30ean eman beharko da izena. 17:00etan, berriz, Aritz Ganboa artzainarekin Bideak dokumentalaren emanaldia eta tertulia egingo dituzte eskolako gimnasioan. Datorren astean emango diete San Martin jaiei amaiera Errezilen. Azaroaren 21ean, igandea, meza nagusia egingo dute 13:00etan, eta ondoren, jubilatuen bazkaria egingo dute bertsolariekin eta trikitilariekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide