Egitarau oparoa antolatu dute aurten Errezilgo San Martin jaietarako

Anartz Izagirre 2021eko azaroaren 4a

Azaroaren 11n, San Martin egunean, hasiko dira Errezilgo jaiak, eta egun horretan nahiz ondorengoetan izango da zertaz gozatua herrian. Eneritz Eizmendi Errezilgo Udaleko Festetako zinegotziaren arabera, herritarrak "gogoz" ikusten dituzte jaiak ospatzeko.

Urtebeteko etenaren ostean, indartsu itzuli dira San Martin jaiak Errezilera. Izan ere, hainbat egunetako egitarau oparoa antolatu dute aurtengorako, eta herritarrek ez dute aspertzeko betarik izango. Eneritz Eizmendi Errezilgo Udaleko Festetako zinegotziaren arabera, jendea "festarako gogoz" dago, eta iazko samartinetan ez bezala, aurten hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da herrian.

Eizmendik nabarmendu duenez, Labiren azken erabakiaren ondoren hasi ziren dena antolatzen: "Labiren Hilabete bakarrik genuen dena antolatzeko, eta urteroko hainbat ekintza ezin izan ditugu antolatu denbora faltagatik. Dena den, festak lasai ospatzeko gogoa du jendeak, eta oraingo honetan horretarako aukera izango da. Ea datorren urtean dena normal antolatzerik badugun".

Pandemiak antolakuntza konplikatu badie ere, egitarau zabala izango da aurten Errezilen. Ostegunean, hilak 11, San Martin eguneko txupinazoarekin hasiko dira festak, eta ondoren hamaiketakoa izango da Borondegin. Arratsaldean, berriz, pintxopotea egingo dute Borondegin, Akerran zein Erniopen, 19:00etan hasita, eta eguna ondo amaitzeko, futbolin txapelketa izango da; 20:00etan hasiko da haurrena, eta 22:00etan helduena. Ostiralean, larunbatean zein igandean ere izango da zertaz gozatua; besteak beste, trikipoteoa, magia ikuskizuna, haurrentzako krosa eta dokumental emanaldia izango dira egun horietan. Azaroaren 21ean, berriz, meza nagusia eta jubilatuen bazkaria egingo dituzte.

Hona hemen Errezilgo San Martin jaien egitarau osoa:

Azaroak 11, osteguna. San Martin eguna. 

- 12:00etan: txupinazoa udaletxetik (Eskolako haurrak).

- Mezaren ondoren: hamaiketakoa Borondegin.

- 19:00etan: pintxopotea Borondegin, Erniopen eta Akerran.

- 20:30ean: haurren futbolin txapelketa.

- 22:00etan: helduen futbolin txapelketa.

Azaroak 12, ostirala 

- 17:00etan: Jago magoa frontoian. 

- 19:30ean: trikipoteoa herriko trikitilariekin, herrian zehar.

Azaroak 13, larunbata 

- 17:00etan: triki eta bertso poteoa herrian zehar, Amaia Agirre eta Alaia Martin bertsolariekin, eta Unai Izagirre Attola eta Haritz Garmendia trikitilariekin. 

- 20:00etan: sagardo eta pintxo dastaketa dantzalekuan edo frontoian.

Azaroak 14, igandea 

- 12:00etan: krosa haurrentzat (izen ematea 11:30ean) 

- 17:00etan: Bideak dokumentalaren emanaldia eta tertulia, Aritz Ganboa artzainarekin, eskolako gimnasioan. 

Azaroak 21, igandea 

- 13:00etan: meza nagusia.

- 14:00etan: jubilatuen bazkaria, bertsolariekin eta trikitilariekin girotuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide