Errezilgo Udalak, Kulturaz kooperatibak eta Domusa Teknikek elkarlanean antolatuta, kultur ekintzak egiten ari dira Errezilen. Guztira, hiru ekitaldi antolatu dituzte udazkenerako, eta horietako bigarrena larunbat honetan izango da. Ital Erik musikariak reggae eta dub doinuak joko ditu, 19:00etan hasita. Ital Erik izen artistikoaren atzean dagoena Erik Strömberg (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1976) musikaria eta Errezilgo bizilaguna da.
Zure izen artistikoa da Ital Erik. Nondik nora aukeratutako izena da hori?
Aital ahoskatzen da ital, eta badauka bere esanahia. Ital kontzeptu jamaikarra da; esaterako, ital foodek janari naturala edo begetarianoa esan nahi du, eta ni urte askoan izan nintzen begetarianoa. Finean, italek naturala esan nahi du.
Reggae eta dub doinuak jotzen dituzu.
Reggaea oinarri hartuta duba egiten dut, oihartzunekin-eta atmosfera desberdinak sortuz. Dubaren barruan, dub elektronikoagoa dago –diskoteketan-eta entzun dezakeguna– eta dub klasikoagoa, nolabait esateko. Musika banda edo talde batekin egin beharrean, mahai batekin egiten dut; dena mahai horren pistetan daukat, eta jolasean aritzen naiz doinu eta soinu desberdinekin, efektuak sartuz... Sortzaileagoa da, eta dena zuzenean egiten dut.
Zein da zure musikako ibilbidea?
18 urterekin hasi nintzen musikaren munduan. 1995ean Ki Sap –zeinek daki esan nahi du valentzieraz, baina punk tankeran idatzita– musika taldea sortu genuen, eta urtebete geroago kaleratu genuen lehenengo maketa, 1996. urtean. Ska eta reggae estiloak uztartzen genituen, baina punketik gentozen. Ki Sap taldearekin zortzi disko atera genituen, eta urte askoan etorri ginen Euskal Herrira kontzertuak jotzera. Gero, eboluzio bat izan zuen taldeak eta gu ere heldu egin ginen; kultura musikal gehiago geneukan eta hobeto genekien benetan zer egin nahi genuen. Orduan ni DJ batekin kantatzen hasi nintzen, festetan eta, Valentzian. Ital Erik gisa, berriz, 2005ean grabatu nuen aurreneko maketa, eta gaur egun arte lau bat disko ditut bakarka aterata. Horrez gain, hainbat musikarirekin ere kolaboratu izan dut.
Musika produktore ere bazabiltza, ezta?
Bai, hala da. Brasilgo artista batzuen produktore ere banabil gaur egun. Sao Pauloko artista batekin sei kantu atera ditut, eta azaroaren 1ean Rio de Janeiroko beste talde batekin kantu bat aterako dut.
Beraz, itsasoz bestaldeko musikariekin ere aritzen zara, ezta?
Bai, bai. Beti moldatu izan naiz ondo portugesarekin; Brasilen hiru hilabetez egon nintzen, eta belarria ere egin zitzaidan hango hizkerara. Gainera, Brasilgo hizkera asko gustatzen zait kanturako, baita reggae estiloan kantatuta ere; daukan sonoritatea oso gustuko dut.
Ki Sap taldearekin Euskal Herrian askotan jo izan zenuela aipatu duzu.
Bai, bai, Euskal Herriko toki askotan, gaztetxe askotan, jo genuen Ki Sap taldearekin; urtean sei-zazpi alditan etortzen ginen. Beste garai bat zen hura, gaztetxeetan kontzertu asko jotzen ziren eta gazte asanbladen aldeko kontzertu ugari jo genituen; taldea mugimendu hari nahiko lotuta zegoen, eta giro hartan eroso sentitzen ginen. Nik musika beti ikusi izan dut mezu bati lotuta, eta zentzu horretan, Ki Sap taldean nahiko esplizituak ginen.
Hemen inguruan kontzertu gehien jo genituen herrietako bat Zarautz izango da seguru asko; malekoian ez bazen, Azken Portuko jaietan jotzen genuen. Bost bat urtez joko genuen Zarautzen.
Errezilen bizi zara orain. Nolatan?
Nire gurasoak ez ziren Valentziakoak, eta nik neuk herritartasun suediarra daukat. Bi gurasoak kanpokoak nituen: ama suediarra eta aita portugaldarra. Ni Valentzian jaio nintzen, baina txikitan urte batzuetan Suedian ere bizi izan nintzen. Izatez nahiko nomada naiz.
Eta nolatan orain Errezilen bizitzen?
Patuak ekarri gintuen hona. Valentzian pisu batean bizi ginen, eta konfinamenduaren ondoren, Euskal Herrira etorri nahi genuen bizitzera; niri beti gustatu izan zait inguru hau, eta lagunak ditut Andoainen, Zarautzen... Furgonetarekin etorri ginen hamabost egunetarako, eta herriz herri ibili ginen; halako batean, Errezilen gelditu, galdetu eta etxebizitza lotu genuen. Urtebete pasatxo daramagu Errezilen bizitzen, eta oso gustura.
Larunbateko Ital Eriken kontzertura joaten denak zer aurkituko du?
Paula Bam Bam etorriko da, eta hark ere parte hartuko du kontzertuan. Ekarpen handia izango da Paularena, izugarrizko ahotsa baitauka. Horrez gainera, Zestoako Argizulo ta Beñaraks ere etorriko da; dupa egiten dute horiek ere. Ondo dago konpainiarekin aritzea, ederra izango da. Larunbateko kontzertuan bibrazio onak jasoko ditu jendeak, hori seguru; reggaea eta duba entzunaz dantzarako gogoak asetzeko aukera izango da. Izan ere, hainbeste denbora da dantzarako aukerarik ez dugula izan! Uste dut ederra izango dela dantzarako gogoz dagoenarentzako, eta herriarentzat barruak husteko aukera bat. Egia esateko, herritarrak oso motibatuta ikusten ditut kontzerturako.
Beraz, herrian antzeman duzu kontzerturako gogoa, ezta?
Bai, hala da. Gainera, uste dut Errezilen egingo den lehen reggae eta dub kontzertua izango dela gurea. Uste dut jendeak ondo pasatuko duela kontzertuan; hori nahiko nuke, behintzat. Dena den, ardura handia ere bada horrelako kontzertu bat Errezilen emango duen aurreneko musikaria izatea.