Errezilen arrano txiki bat tiroz hil dutela salatu du Eguzkik

Julene Frantzesena 2021ko urr. 9a, 14:52

Gipuzkoako Fiskaltzan jarri du salaketa taldeak, babestutako espeziea delako arrano txikia. Etumetako eremuan zaurituta agertu zen hegaztia joan zen zapatuan. Gertaturikoa argitzeko eskatu du taldeak.

Errezilen arrano txiki bat eskopeta tiroz hil dutela salatu du Eguzki talde ekologistak. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Fiskaltzan jarri du salaketa taldeak, babestutako espeziea delako arrano txikia. Etumetako eremuan agertu zen arranoa zaurituta joan zen zapatuan, eta Igeldoko Arrano Etxera erama zuten artatzera, baina handik bost egunera hil egin zen.

Eguzkik adierazi duenez, floraren, faunaren eta etxe animalien aurkako delitua da gertatutakoa. Izan ere, arrano txikia (hieraetus pennatus) Mehatxatutako Espezieen Katalogoko parte da –'arraroak' sailean dago sartuta–, eta babestuta dago. 

Oraindik ez dute atzeman arranoari tiro egin zion pertsona, baina Eguzkik jarritako salaketa tarteko, ikerketa hasiko dute basozainek. Dena den, Eguzkik uste du zaila izango dela egilea atzematea. "Oso arraroa da tiro egiten duten pertsonak identifikatzea, eta beraz, zigortzea". Taldearen aburuz, Errezilen jazotakoa ez da kasu isolatua: "Inpunitate osoz, ingurumenaren kontrako delituak egiten jarraitzen da".

Gipuzkoako Foru Aldundiari ere gertaera argitzeko eta neurriak eskatu dio taldeak. "Agerikoa da administrazio publikoek, kasu honetan aldundiak, arazoa konpontzeko neurriak hartu gabe jarraitzen duela".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide