Saiaz mankomunitateko Emakumeen Foroan parte hartzen duten hainbat emakumek Zarautzera eta Getariara egunpasa egin zuten joan zen larunbatean. Hara joan zirenek, goizean Getariako Balentziaga museora bisita egin zuten, eta ondoren, Zarauzko malekoian bazkaldu zuten. Batean zein bestean, "gustura" ibili ziren parte hartzaileak.
Errezilek, Albizturrek eta Bidania-Goiatzek osatzen dute Saiaz mankomunitatea, eta antolatzaileek adierazi dutenez, asteburuan egin zuten ekintzaren helburua zen mankomunitateko emakumeak saretzea eta ahalduntza kolektiboa eta belaunaldien artean elkartrukea sustatzea. Hurrengo saioa Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako egunaren harira (azaroak 25) izango da, eta erruaren gaia landuko dute tailer baten bidez.