Joxe Antonio Labaka: "Errezilen sagardo txapelketa hasi zenetik, maila dezente igota dago"

Nerea Uranga 2021eko urriaren 5a

Errezilgo VIII. Sagardo Txapelketa jokatu zen larunbatetan, Gaztetandik kultur elkarteak antolatuta. Epaimahaiaren lehen saria eta herritarren bigarren saria jaso zituen Basabeko sagardoak. Errezilgo hamabi sagardogilek parte hartu zuten. Aurten jasotakoa hirugarren saria du Joxe Antonio Labaka Basabekoak.

Errezilgo VIII. Sagardo Txapelketan epaimahaiaren lehen saria eta herritarrek emandako bigarren saria jaso ditu zuek egindako sagardoak. Espero al zenuten?
Sagardo on samarra neukala banekien, baina sagardo txapelketa hasi zenetik maila dezente igota dago, eta edozeinek irabazi zitekeen. Sagardo ona dezente zegoen txapelketan.

Epaimahaiaren eta txapelketara joandako herritarren gustuko sagardoa izateak zerbait esan nahi du, ezta?
Nahiko berdintsu ibili ziren sagardo guztiak ere, eta jendeak gero eta gehiago daki sagardoaz.

Sagardo askoz hobea egiten dela egun esaten duzu, zertan oinarritzen zara hori esateko?
Lehen sagardoa lehengo eran egiten zen, sagarra garbitu gabe eta. Baina garbitasuna zaintzen hasi ginen, sagarrak garbituz eta altzairuzko upelak jarriz. Horrez gain, beste sagardogileekin-eta asko hitz egin izan dugu sagardogintzaz, eta sagardoak irabazi egin du.

Zuen etxean, Basaben, beti egin izan al da sagardoa?
Bai, nik beti ezagutu dut etxean egindako sagardoa. Garai batean, ordea, esne behiekin lan egiten hasi ginen, eta sagarra pixka bat albo batera utzita eduki genuen. Urte batzutan sagardoa egin gabe egon ondoren, atzera sagarra ekoizten eta sagardoa egiten hasi ginen, eta urte batzuk badaramatzagu horretan. Sagardoa, baina, etxerako bakarrik egiten dugu. Beraz, etxean sagardo ona edukitzea etxekoentzako mejora da.

Nola aukeratzen duzue zer sagardo eraman txapelketara?
Guk upel bakarra botilatzen dugu, eta beste upela lagunartean txotxetik edateko edukitzen dugu. Beraz, botilatzeko dugun horretatik eramaten dugu txapelketara.

Beste era batera egin duzue aurtengo txapelketa, jendea afaltzeko eserita eta. Zer iruditu zaizu modu berri hori?
Nik antolatzen-eta lanean jardun nuen, eta lan asko ematen du modu honek, baina COVIDaren kontu honekin beste era batera ezin zen egin, eserita egin beharra zegoen. Baina niri iruditzen zait lehengo erak elkarrekin komentatzeko eta bakoitza bere erara ibiltzeko aukera gehiago ematen dituela, edo xarma gehiago duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide