Errezilgo Udalak, Kulturaz kooperatibak eta Domusa Teknikek elkarlanean antolatuta, Hodei magoak magia ikuskizuna eskaini du gaur arratsaldean Errezilen, 17:00etan hasita. Haur ugari bertaratu da frontoira, baina baita helduak ere, eta guztiek gozatu dute magoaren ikuskizun berriaz. Magia klasikoa modernoarekin uztartzen du Hodeik, eta, besteak beste, asmakizun imajinaezinak, hainbat zatitan mozten diren gorputz atalak eta publiko osoak parte-hartzen duen joko handia ikusi ahal izan dira emanaldian zehar.
Udazkenerako Errezilen antolatu dituzten hiru ekitaldietatik aurrena izan da gaurko magia ikuskizuna. Beste bi kultur ekintzak urriaren 23an eta azaroaren 1ean izango dira. Batetik, Ital Erikek kontzertua eskainiko du urriaren 23an, 19:00etan hasita; eta, bestetik, Up! ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da azaroaren 1ean, 17:00etan hasita.