Basabe izan da nagusi Errezilgo VIII. Sagardo Txapelketan

Nerea Uranga - Maialen Etxaniz 2021eko urriaren 3a

150 lagun elkartu ziren atzo iluntzean Errezilgo frontoian; 130 afaltzeko eta beste hogei lagun lanerako. Errezilgo VIII. Sagardo Txapelketa Herrikoia jokatu zen bertan, Gaztetandik kultur elkarteak antolatuta. Errezilen ekoiztutako hamabi sagardogilek parte hartu zuten.

Urtebeteko etenaren ondoren, modu berri batean jokatu dute Errezilgo VIII. Sagardo Txapelketa herrikoia. Batetik, bertaratutako herritarrek eserita afaldu zuten, eta afaldu bitartean dastatu eta puntuatu ahal izan zituzten txapelketara aurkeztutako sagardoak. Bestetik, epaimahai ofizialaren eta herritarrek emandako puntuazioaren araberako sariak banatu zituzten. Herrian bertan ekoitzitako sagardoek parte hartu zuten txapelketan, guztira hamabik: Lasturreta, Irure Txiki, Umansoro, Estra Zaharra, Aritzeta Goikoa, Basabil, Mugarrieta, Agerre, Basabe, Aranguren, Busstin Zuri eta Ezama Enea.

Txapelketako saridunak honakoak izan ziren:

- Herritarrek edota epaimahai popularrak emandako puntuazioa kontuan hartuta, lehenengo saria Mugarrietak jaso zuen eta bigarren saria, berriz, Basabek.

- Epaimahai ofizialaren erabakiaren arabera, berriz, Basabek jaso zuen lehen saria eta bigarrena Arangurenek.

Denera, 130 lagun bildu ziren Errezilgo frontoian afaltzeko, eta beste hogei lagunek jardun zuten txapelketa aurrera ateratzeko lanetan, baita afaria zerbitzatzen ere.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide