Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren oniritziarekin, martxan da berriro ere Tipi-Tapa programa, Errezilen. Saiaz Mankomunitateak antolatzen duen bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko egitasmoa da Tipi-Tapa, eta 2020ko otsailean egin zuten azkenengo aldiz; izan ere, pandemiagatik bertan behera utzi zituzten ibilaldiak ordutik aurrera. Herriko boluntarioen laguntzarekin askotariko ekintzak egiten dituzte gazteentzat, helduentzat zein adinekoentzat; besteak beste, ibilbideak egiten dituzte kalean zehar, herriko kultur ondarea zein landa proiektuak ezagutzeko bisitak izaten dira, eta osasunarekin zerikusia duten hitzaldiak antolatzen dituzte.
Egitasmo horren bitartez, belaunaldien arteko harremanak landu nahi dira bizi ohitura osasuntsuak bultzatzeaz gain, eta antolatzaileek hilean behin jarri dute hitzordua, ostegunetan, 10:30etik 12:30era bitartean. Lehen saioak irailaren 30ean, urriaren 28an, azaroaren 25ean eta abenduaren 16an izango dira, eta Errezilgo udaletxe azpian elkartuko dira parte-hartzaileak, 10:30ean. Ekintzan interesa dutenek udaletxe azpira agertu beharko dute zehaztutako orduan, eta ekintzetan beharrezkoa izango da maskararen erabilera.
Bestalde, egitasmoan boluntario izan nahi duten herritarrentzat irekita dago izen-ematea. Horretarako, 943-68 11 28 telefonora deitu beharko da, edo saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora mezu bat bidali.