Baserriak seinaleztatuta

Ihintza Elustondo 2021eko uztailaren 9a

Errezilen hainbat seinale jarri ditu udalak, baserri bakoitza non kokatzen den zehaztuz. Panelak ezarri dituzte bost eremutan, eta seinaleak bidegurutzeetan.

Hernio mendiaren magalean kokatutako herria da Errezil, eta gune berdea eta maldatsua izanik, herritar gehienak baserrietan bizi dira. Bertakoek ederki dakizkite etxebizitza horien izenak, baina sarritan, inguruko herriren batetik hurbiltzen direnek nahikoa lan izaten dute behar duten baserria aurkitzen. Arazo horri konponbidea eman nahian eta baserri izenak txukun antolatzeko asmoz, seinaleak jarri dituzte Errezilgo hainbat gunetan.

Errezilgo Udalaren ekimenez gauzatu dute proiektua, eta Xebero Agirretxe alkateak azaldu duenez, bi fasetan jarri dituzte seinaleak. "Iazko aurrekontuetan jaso genuen proiektuaren lehen fasea gauzatzea, eta fase horri dagozkion seinaleak urtarrilean jarri zituzten. Bestalde, aurtengo aurrekontuan jaso dugu bigarren fasea garatzea, eta fase horretako seinaleak duela pare bat hilabete jarri zituzten". Beraz, dagoeneko amaitu dute seinale guztiak bere lekuan kokatzea.

Udalak aspalditik zuen herriko baserrien izendegia seinale bidez adierazteko asmoa: "Duela urte batzuk planteatu zen gaia lehenengoz", azaldu du Agirretxek. "Landa guneetako herri gehienetan baserri izenak seinaleztatuta daude, baina Errezilen orain arte ez. Duela urte batzuetatik genuen gure herrian ere seinaleak jartzeko asmoa, baina proiektuak aurrekontu altu samarra zuen, eta ezin izan zitzaion bere garaian kostu horri aurre egin. Lehengo urtean berriro heldu genion gaiari; gainera, agintaldi honetako egitasmoetako bat zen seinaleena. Dena den, aurrekontuak ez digu ahalbidetu proiektu guztia fase batean garatzea, eta horregatik gauzatu dugu bi fasetan. Aipatzekoa da, gainera, lehen fasea garatzeko laguntza eman digula Domusa enpresak".

Bidegurutze bakoitzean zehaztu dute zein diren eremu horretan dauden baserriak. (Errezilgo Udala)

Bi eratako seinaleak

Bi motatako seinaleak jarri dituzte Errezilgo bideetan: errepide nagusian daude batzuk, eta bidegurutzeetan besteak. Errepide nagusian, auzo bakoitzaren sarreran, eremu horretan dauden baserrien izenak eta haietako bakoitzaren kokalekua zehaztu dute. Guztira, bost panel ezarri dituzte: Letea auzoan bat, Laiotza deitzen zaion eremuan bestea, San Antonioko ermitan hirugarrena eta beste bi Arzallus bailaran –bat Intxaustin eta bestea Zurrunzolan–. Bestalde, auzo horietara sartutakoan, seinale bidez adierazi dute bidegurutze bakoitzean zer baserri dauden.

Kataluniako enpresa batek egin ditu seinaleak, eta metalezkoak dira, urte asko iraun dezaten baita asmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide