Joan den larunbatean eman zioten hasiera aurtengo gazteen mailako dantza suelto txapelketen denboraldiari Errezilen, eta emaitza ezinhobeekin etxeratu ziren Azpeitiko dantzariak. Bederatzi bikote lehiatu ziren, eta guztietan onenak Nora Aizpuru eta Iker Zabala izan ziren; Azkoitiko Bizkargi dantza eskolako kideak, baina azpeitiarrak biak. Bigarren, Ibarrako Arrate Goikoetxeak eta Joanes Zubiak egin zuten; hirugarren, berriz, Azpeitiko Luix Beltza dantza eskolako Malen Arrizabalagak eta Enaitz Segurolak.