Sei ordu baino gehiago behar izan ditu Xabier Orbegozo 'Arria V'.ak marka ahalegina egiteko

Andoni Elduaien 2021ko eka. 6a, 14:52

Ibarrako Emeterio Arrese plazan hasi eta bukatu du erronka. Ehun kiloko bola hamar aldiz jasotzen, Tolosako Hiru Tontorrak mendi lasterketa egiten eta aizkorarekin hamar kanaerdiko ebakitzen saiatuko da errezildarra. Nahi zuena baino bost minutu gehiago behar izan ditu errezildarrak proba amaitzeko.

Xabier Orbegozo Arria V.a aizkolari errezildarrak sei ordu baino gehiago behar izan ditu gaurko erronka amaitzeko. Ibarrako (Gipuzkoa) Emeterio Arrese plazan hasi du erronka, 08:00etan, eta iragarrita zituen lan guztiak 14:00etarako, sei orduren azpitik amaitzeko asmoa zuen. Errezildarrak sei ordu baino gehiago behar izan ditu, baina ez da urrun ibili; izan ere, sei ordu, bost minutu eta 52 segundo behar izan ditu Arria V.ak gaurko desafioa amaitzeko.

Erronkari ekiteko, Arria V.ak harriari heldu dio lehenik; 100 kiloko bola hamar aldiz jaso du. Harriarekin amaitu ostean, Tolosako Hiru Tontorrak –Hernio, Uzturre eta Erroizpe– mendiak zeharkatu ditu. Guztira, 43 kilometro korrika egin ditu 5.600 metroko desnibel metatua zuen ibilbidean. Bukatzeko, aizkorarekin hamar kanaerdiko ebaki ditu Ibarrako Emeterio Arrese plazan.

Harriari hamar altxaldiak bi minutu eta 21 segundoan eman dizkio Arria V.ak. Handik Herniora abiatu da, eta proba hasia zenetik ordubete eta 29 minutura iritsi da. Uzturrerako bidea hartu du segidan, eta hiru ordu eta hamalau minutura iritsi da. Erroizpe puntara ailegatu denean, berriz, ordularia bost ordu eta minutura iritsia zegoen. Handik Ibarrara joan da errezildarra, eta aizkoran hasterako bost ordu, 26 minutu eta segundo bat markatzen zuen ordulariak. Aizkorako lan erdietan zegoela, bost ordu, 46 minutu eta 22 segundo adierazten zuen, eta enbor guztiak amaitzerakoan sei ordu, bost minutu eta 52 segundo ziren.

Momentu "oso larriak" bizi behar izan dituela azaldu du Arria V.ak proba amaitutakoan. "Uzturren gora jenderik ez bazen izan, uzteko moduko momentuak izan ditut. Indarra eman didate segitzeko eta azkenean amaierara iritsi gara. Asko-asko sufritu dugu. Bagenekien proba hau egiteko sufritu beharra zegoela, lan hauek oso-oso gogorrak eta desberdinak baitira", adierazi du Xabier Orbegozo Arria V.ak. Amaitu aurretik, errezildarrak eskerrak eman dizkie Ibarrako plazan bildu direnei eta "ikusiko gara plazetan" esanez amaitu du agerraldia.

Errezildarrak plazak uzteko asmoa iragarri zuen joan den abenduan, baina kirol jardunetik erretiroa hartu aurretik erronka handi bat egingo zuela agindu zuen. Zegaman eta maiatzean izango zela aurreratu zuen orduan, baina pandemia tarteko, Ibarran eta gaurko egunez egitea erabaki zuen. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide