Iritsi da egun handia. Zer moduz sentitzen zara?
Ondo nago, igandea ailegatzeko amorratzen. Asko sufritu ondoren, nik uste sasoi puntu onean iristen naizela. Lan izugarriak dira eta edozein akats txiki nahikoa izan daiteke dena izorratzeko, baina arriskatu egingo naiz, ondo ateratzeko aukerak ikusten ditudalako.
Hasieran, erronka maiatzean eta Zegaman egitea pentsatzen zenuen; azkenean, ekainean eta Ibarran egingo duzu. Zerbaitetan eragin al dizute aldaketek?
Zegaman entrenatzen hasi nintzen, baina gauzak ez ziren nahi bezala joan. Pandemia dela eta, momentu latzak pasatu ditu Zegamako herriak eta Zegama-Aizkorri mendi maratoia ere bertan behera utzi behar izan dute. Hizketan jardun ginen, baina han geratu zen kontua. Gero sortu zitzaigun Ibarran egiteko aukera. Ibilbidea ikusten-eta ibili ginen, eta egia esan, bi ibilbideek ez dute mila alde: luzerari eta desnibelari dagokionean oso antzerakoak dira, eta fisikoki ere ahalegin berdina eskatzen du. Gainera, Ibarrak ziurtasun gehixeago ematen zidan, nik erronka egin eta astebetera Tolosaldeko Hiru Tontorrak mendi maratoia egingo baitute.
Zenbat denboran jardun duzu erronka prestatzen?
Sei bat hilabetean. Erronka egiteko asmoa nuela esan orduko hasi nintzen entrenatzen, eta ordutik buru-belarri jardun dut. Neure gorabeherak ibili ditut, erronka berean horren lantegi desberdinak sartzeak denen arteko oreka topatzea eskatzen baitu, eta ez da izaten erraza. Mendian horrenbeste kilometro egiteko pisu pixka bat galdu behar izan nuen aurrena, baina hamabost galdu eta harririk jaso ezinda gelditu nintzen. Hiruzpalau berreskuratu ditut atzera.
COVID-19aren kontrako neurriak direla eta, entrenatzeko oztoporik izan al duzu?
Beti ezin izan dut nahi nuen lekuan eta nahi nuen bezala entrenatu, herriak itxita edo eremu gorrian zeudelako. Hernio aldean ibili naiz asko, eta Ibarra aldera joan naiz utzi didatenean.
Egoera dela eta, erronka arriskuan ikusi al duzu noizbait?
Bai, noski, askotan pentsatu izan dut dena bertan behera utzi beharko nuela ere. Erronka presatzen aritu naizen hilabete hauek beltzak izan dira pandemiari dagokionean. Orain gauzak argixeago ikusten ditugu, baina duela gutxira arte ez neukan egingo nuen ziurtasunik. Hala ere, ez nuen nahi etsi, eta entrenatzeari sekula ez diot utzi. Gainera, antolakuntza aldetik erronka honek ez dauka beste munduko zailtasunik, neu bakarrik jardungo naizelako.
Non egon daiteke erronkaren gakoa? Zerk kezkatzen zaitu gehien?
Denborak estu daude, horrek kezkatzen nau gehien, eta mendiko parteari errespetu handia diot, lan izugarriak direlako; gorako eta beherako asko dituen ibilbidea da. Entrenamenduetan erakutsi dut badaukadala gaitasuna, eta egunean bertan erakustea izango da kontua. Gainontzean, sei orduko lana txikikeria batek erabaki lezake, eta zaila da orain esatea zein izan litekeen txikikeria hori. Ni saiatuko naiz momentuan momentukoa egiten, neure buruari hurrengo orduerdirako helburuak jartzen, eta lanean segitzen. Sentsazioei kasu egitea ere inportantea izaten da horrelakoetan, ez baitago jakiterik txakalaldia noiz etor daitekeen.
Eguraldiak ere eragingo du horrelakoetan. Zer eguraldi egitea nahiko zenuke?
Hego haizerik eta bero handi horietakorik ez behintzat. Horrek bazterrak lehortzen ditu, likido asko sartzea eskatzen du eta ahuldu egiten du pertsona. Aukera izango banu, hogei bat gradu euri lanbro pixka batekin eskatuko nuke.
Igandean, gainera, ikusleen aurrean aritzeko aukera izango duzu.
Hala da, bai. Kultur ekitaldi bezala antolatu dugunez eta aire librean izango denez, beharrezko segurtasun neurriak hartuta, baina jendeak ikustera joateko aukera izango du. Mendian nor egongo den, berriz, nik ez daukat kontolatzerik. Zorte hori badaukat, sei orduko lanak bakar-bakarrik egitea zeharo tristea izango bailitzateke.
Nola ospatuko duzu?
Horrelakoen Errezilen bazkaritxo bat egiteko ohitura daukagu, eta igandean ere han elkartuko gara gertu-gertukoak. Festa handik egiterik ez dugu izango, baina ikutua emango diogu.
Aurreko erronka azkena izango zela esan zenuen, eta orain handiagoarekin zatoz, azkena hau izango dela esanez. Igandekoa eta gero, betirako erretiratzeko asmoa al daukazu?
Aurtengoak behintzat horrela joan beharko du, gorputzari atsedena ere eman behar zaio eta. Erronka hau prestatzeak ahalegin handia eskatu dit, 44 urte egitera noa, gorputza abisu txikiak ematen ere ari zait... Aizkora hutseko lanetan behintzat ez nau inork berriz ikusiko, horretarako ilusiorik ez daukat. Hori bai, arantza bat gelditzen zait pentatloiarekin: bakarkakoa irabazi ez izana.
Zirrikitu bat zabalik uzten duzu beraz...
Neure buruarekin dezente borroka daukat zentzu horretan. Egia esateko, sasoi puntu onean ikusten naiz, eta alde batek esaten dit oraindik puntan ibiltzeko gaitasuna badaukadala; baina beste aldeak esaten dit dena izorratu baino lehen uzteak ere badaukala meritua, alegia, txapeldun handiek jakin egin behar dutela noiz erretiratu. Ikusiko dugu; aurrena igandekoa egin beharko dugu, eta ziur horrek ere baldintzatuko dituelako e