Errezilgo San Martin herri eskolako 5. eta 6. mailetako ikasleek zuzeneko bertso saioa eskaini zuten joan zen ostiralean. Urtean zehar ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan zuten gaztetxoek, eta emanaldia 3. eta 4. mailetako ikasleei nahiz 5. eta 6. mailetako gurasoei eskaini zieten. Urtean zehar, hamabostean behin, Irati Artetxeren gidaritzapean aritu dira ikasleak bertso saioak egiten.
Emanaldia hiru bertsorekin hasi zuten bertsolari gaztetxoek. Ondoren, gai jakin baten bueltako oinak eman eta bertsoak osatu zituzten. Gero, Pasapalabra izeneko jolasa eginez aritu ziren bertsotan. Haiek amaitzean, Eneritz Artetxe eta Mikel Artola bertsolariek eskaini zuten saioa, eta herri eskolako ordezkariek adierazi dutene, ikasleek "asko" gozatu zuten. Gainera, saioaren bukaeran ikasleek proposatutako gaietan oinarrituta aritu ziren puntuka Artetxe eta Artola.