Bideo emanaldiak egingo dituzte Errezilgo eskolan astelehenean, LGTB fobiaren aurkako egunean

Mailo Oiarzabal 2021eko maiatzaren 14a

Sexu identitateei buruzko bizipen errealak ezagutzeko aukera izango dute ikasleek, Saiaz mankomunitateak antolatutako saioan. Bestetik, mankomunitatea osatzen duten herrietako Emakumeen Foroa martxan jarriko dute berriro hilaren 25ean.

Beizama, Errezil, Albiztur eta Bidania-Goiatz batzen dituen Saiaz mankomunitateak hainbat ekitaldi prestatu ditu maiatzaren 17rako, LGTB fobiaren aurkako Nazioarteko Egunerako.

Errezilen izango da datorren asteleheneko hitzorduetako bat. Hango eskolan, bideo emanaldiak izango dituzte egunean zehar; sexu identitateekin lotutako bizipen errealen lekukotzak ikus-entzuteko aukera izango dute ikasleek bideo horien bidez.

Emakumeen Foroa

Hil honen 25erako beste hitzordu baten berri ere eman du Saiaz mankomunitateak. Hain zuzen ere, azken hilabeteetan geldirik egon den Emakumeen Foroa martxan jartzera doaz berriro, eta Saiazeko herri guztietako emakumeak biltzen dituen foro horrek bilera egingo du egun horretan. Bidania-Goiatzeko udaletxeko areto nagusian elkartuko dira Emakumeen Foroko kideak maiatzaren 25ean, 19:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide