Errezilen emakume izatea nola bizi duten eztabaidatu dute hainbat emakumek Borondegin

Anartz Izagirre 2021eko martxoaren 6a

'Nola bizi dugu gure herrian emakume izatea?' lelopean hainbat emakumek parte hartu dute solasaldian. Bestalde, Azpeitian eta Zestoan ere izan dira Martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldiak.

Errezilgo kafe tertulian parte hartu duten emakumeak.

Datorren astelehenean, hilak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira hainbat emakume bildu dira gaur, larunbata, Errezilgo Borondegi kultur etxean. Nola bizi dugu gure herrian emakume izatea? lelopean kafe tertulia egin dute, eta ekitaldira gerturatu direnek beren ekarpenak egin dituzte. Izaro Zinkunegi eta Elaia Azpillaga izan dira saioaren gidariak.

Gaurkoa ez da Martxoaren 8aren harira Errezilen egingo den ekitaldi bakarra. Izan ere, bihar, igandea, bi mikro-antzezlan izango dira herrian. Batetik, Ahoy! deituriko obra ikusi ahal izango da Irene Hurtadoren eta Jon Ander Alonsoren eskutik; eta, bestetik, Esti Curielek Rosi ni antzezlana taularatuko du. 17:00etan hasiko da lehen antzezlana eta eguraldiaren arabera frontoian edo dantzalekuan izango dira bi emanaldiak.

Azpeitia eta Zestoa

Bestalde, Azpeitian eta Zestoan ere izan dira Martxoaren 8aren harira egindako ekitaldiak. Urola Erdiko Itaiak deituta asistentzia lanak eta emakume langileen zapalkuntzak izan dituzte hizpide Itaiakoek bi herri horietan, eta hainbat herritar joan da ekitaldiotara. Bihar, berriz, Azkoitian izango da hitzaldi bera, 11:00etan, Elkargunean.

Horrez gain, Basanderiek talde feministak antolatuta Abortua Euskal Herrian solasaldia izan da Emakumeen Txokoan. Maite Segurolak gidatu du saioa eta dozenerditik gora emakumek parte hartu dute bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide