Harri jasotzailea

Aimar Irigoien: "Oso egoera zelebrea da plaza hutsean harri jasotzen jardutea"

Aitziber Arzallus 2021eko otsailaren 10a

Harri handietan ez du parekorik errezildarrak. Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelak jantzita bukatu du denboraldia. Garaipenak garaipen, urtearen balorazio "gazi-gozoa" egin du.

Gipuzkoako harri handietako txapelak ez du Aimar Irigoienen (Errezil, 1986) burua besterik ezagutzen. Txapelketa jokatu den hiru aldietan errezildarra izan da nagusi; 2018an, 2019an eta joan den larunbatean Asteasun, COVID-19a dela-eta 2020ko azarotik zintzilik zuten finalean. Jokin Eizmendi zarauztarra eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra izan zituen parez pare. Hiru harri jasotzaileek launa harrirekin lan egin behar izan zuten, harri bakoitzarekin bina minutuko txandan: 200 kiloko laukizuzenarekin, 175eko zilindrikoarekin, 150eko kubikoarekin eta 125eko bolarekin. Irigoienek 6.225 kilo jaso zituen; bigarren Eizmendik egin zuen, 5.750 kilo jasota; eta hirugarren Goenatxo III.ak, 3.550 kilo jasota.

Gustura zaude larunbateko garaipenarekin?

Bai, dudarik gabe, txapela jantzitakoan beti gustura.

Espero al zenuen?

Espero edo... Neure lana eginez gero banekien txapela janzteko aukerak izango nituela, baina gutxi ibilita nago orain eta norbere lan hori egitea ere kostatu egiten da. Ondo ez zaudenean, zeure buruarekiko ziurtasunik ez duzu izaten.

Sasoi punturik onenean ez zinen aurkitzen, beraz...

Ezta gutxiagorik ere.

Eta lehiatzeko momentuan bertan, zer moduz sentitu zinen?

Ondo, eroso sentitu nintzen. Gipuzkoakoan harri bakoitzarekin bi minutuko txandak izaten dira, ez dira luzeegiak, eta gustura aritu nintzen.

Euskal Herriko txapelketan hiru minutuko txandak izaten dira. Bi minututik hirura alde dezentea egongo da, ezta?

Orain dela hilabete eta erdi jokatu nuen Euskal Herrikoa, hiru minutuko txandetan hura, eta bai, aldea antzematen da.

Larunbatean erraz irabazi zenuen, Eizmendiri 475 kiloko aldea aterata; baina iaz baino 450 kilo gutxiago jaso zenituen. Zer dela eta?

Lehen esan dudan arrazoi beragatik, puntu-puntuan ez nagoelako. Aurreko urteko erreferentziekin abiatu nituen lanak, baina ez nintzen berdintzera iritsi. Hala ere, ikusita koparekin alde pixka bat atera nuela eta bolarekin gustura ibiltzen naizela, nahiko lasai jardun nuen.

Ez zinen iazko marka haustera atera hortaz...

Ez, lan ona egin eta txapela ziurtatzera atera nintzen, beste intentziorik gabe.

Zer harrirekin aritu zinen erosoen eta zer harrirekin deserosoen?

Laukizuzenarekin, koparekin eta bolarekin bastante gustura jardun nintzen, eta deserosoen kubikoarekin. Kubikoak teknika handia eskatzen du eta etxeko lanak ondo egiten ez badituzu, pixka bat gehiago kostatzen da.

Iazko Gipuzkoako finalean bost harri jasotzailek parte hartu zenuten, eta aurtengoan hiruk; txanda batetik bestera atseden hartzen denbora gutxiago, beraz. Asko antzeman al da hori?

Harri batetik bestera gutxienez hamabost minutu utzi behar izaten dira, eta saiatu ginen gutxieneko hori zaintzen harri jasotzaile batetik bestera lau minutuko tartea emanda. Nahiko txukun joan zen, baina egia da errekuperatzen ari zarenean minutu bakoitza antzematen dela.

Abenduan ikuslerik gabe jokatu zenuten Euskal Herriko txapelketa, eta larunbatean ere hala jokatu zenuten Gipuzkoakoa. Asko sumatzen al duzue jarraitzaileen falta?

Nik behintzat izugarri sumatzen dut; oso egoera zelebrea da plaza hutsean harri jasotzen jardutea. Ni, gainera, oso jendearekikoa naiz, jendearen berotasunak asko eragiten dit, asko pizten nau plazan, eta oraingo hau ezta batere egoera atsegina.

Egutegian ere aldaketak eragin dizkizue COVID-19ak. Hasieran, azaroan eta Zizurkilen jokatu behar zenuten Gipuzkoako finala; gero, Aian jarri zuten hitzordua larunbaterako; eta azkenean, Asteasun jokatu zenuten. Aldaketa horiek mesederik ez dizuete egingo, ezta?

Mesederik batere ez dute egiten. Normalean txapelketa baino hamabost egun lehenago egiten ditugu test orokorrak, eta horiek guztiak eginda genituenean esan ziguten Aia gorrian sartu zela eta larunbatean ez zela jokatuko txapelketa; eta hiru egunen faltan atzera berriz baietz, baina Asteasun izango zela. Gutxi entrenatuta egoteak eta azken orduko aldaketa horiek inori ez diote onik egiten; urduritasuna sortzen dute eta ez zara kontzentratzen behar bezala.

Abenduan 11. aldiz jantzi zenuen Euskal Herriko harri handietako txapela eta larunbatean hirugarrenez Gipuzkoakoa. Esan daiteke harri handietan ez duzula parekorik?

Parekoa beti egoten da; lehengoan hor zegoen Eizmendi eta atzetik baita Goenatxo ere. Ematen du bataren eta bestearen artean egundoko aldea egon daitekeela, baina horrelako txapelketetan akats txiki bat nahikoa izaten da txapelak ihes egiteko.

Harri txikietan, aldiz, Mikel Lopetegi Urrak aurrea hartu dizu azkeneko aldietan. Berriz txapelaren bila joateko asmorik baduzu?

Zaila ikusten dut Urrari aurrea hartzea, sasoi betean dagoelako. Harri txikiek ordu asko sartzea eskatzen dute eta fisikoki ondo prestatuta egotea, eta nire bizimoduarekin zaila da hori. Ez dakit animatu ere egingo naizen berriz harri txikien txapelketetan parte hartzera.

Zer balorazio egiten duzu igaro berri den urtearen inguruan?

Erdipurdikoa. Tristea joan da urtea, ez erakustaldi eta ez ezer, eta horrek motibazioan eragin egiten du. Erakustaldi batera joateko konpromisoa hartzen baduzu, gutxiago edo gehiago baina prestatu egiten zara, baina hori falta izan zaigu.

Eta zer asmo dituzu 2021erako?

Egia esan, ez dakit. Hirugarren txikiaren zain gaude eta aurrena behintzat familiari eskaini nahi diot lanak uzten didan denbora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide