Errezilgo Udalak 727.000 euroko aurrekontua izango du 2021ean, iaz baino 38.000 euro gutxiago. Joan zen ostegunean, otsailak 4, egin zuten udal aurrekontuak onartzeko udalbatzarra, eta aho batez onartu zituzten EH Bildu koalizioaren eta Errezilgintza alderdiaren aldeko botoekin. Xebero Agirretxe Errezilgo alkatearen arabera, 2020. urtea "txukun" bukatu zuen erakundeak, eta hainbat inbertsio aurreikusten dituzte aurtengorako.
Aurrekontuaren zati handi bat udal jardueretara — pertsonal gastuak, udalaren berezko jarduerak...—bideratuko dute, urtero moduan. Inbertsioetara, berriz, 130.550 euro bideratuko dituzte guztira, iazko kopuru antzekoa. Agirretxeren arabera, baserri bideen konponketa eta seinaleztapena izango dira aurten udalaren proiektu nagusiak. "Joan zen urtean baserri bideen seinaleztapenaren lehen fasea amaitu genuen, eta bigarren fasea gauzatuko dugu aurten".
Bestalde, Borondegi erabilera anitzeko udal eraikinaren teilatua konponduko dute; eraikin horretan daude, besteak beste, taberna, liburutegia eta eguneko zentroa. Alkateak adierazi duenez "egoera txarrean" dago eraikinaren teilatua, azken hilabeteetako elurteengatik-eta teilak mugitu egin baitira; hori dela eta, 40.000 euro inguru bideratuko dituzte Borondegiko teilatua konpontzera. Horrez gain, Errezilgo eskolako pertsianak aldatzeko laguntza ere emango du udalak: "Eskolako pertsianak zaharkituta daude, eta horiek aldatzeko dirulaguntza eskainiko dugu".
Herriko ur-saneamendu sistema hobetzeko proiektua ere eskuartean du Errezilgo Udalak. Dena den, inbertsioetako lehentasuna gainontzeko proiektuei emango diete oraingoz.