Xabier Orbegozo 'Arria V'.a aizkolariak plazak utziko dituela iragarri du

Julene Frantzesena 2020ko abe. 20a, 17:53

Herri kirolen mundua alde batera lagako du, baina aurretik erronka ikaragarri bat egingo du: sei ordu azpitik ehun kiloko bola hamar aldiz jaso, Zegama-Aizkorri mendi maratoia egin eta aizkorarekin hamar kanaerdiko ebaki. Kirol mundua alde batera uztea erabaki du "asetuta" dagoelako, eta 30 urteotako ibilbideaz balorazio "positiboa" egin du.

Xabier Orbegozo Arria V.a aizkolari errezildarrak plazak uztea erabaki du. Hala iragarri du gaur, igandea, baina ez du berehalakoan utziko kirol jarduna. Izan ere, erretiroa hartu aurretik erronka handi bat egingo duela agindu du: sei ordu azpitik ehun kiloko bola hamar aldiz jaso, Zegama-Aizkorri mendi maratoia egin eta aizkorarekin hamar kanaerdiko ebaki.

Zegamako plazan hasi eta bukatu nahi du erronka, eta maiatzean egitea nahi du Orbegozok. Dena den, hori pandemiak eragindako egoerak baldintzatuko duela esan du. "Prestatzen hasi naiz, baina ez dakit egin ahalko dudan egun daukagun egoerarekin". Sasoiari dagokionez, orain erronka hori egiteko moduan ez dagoela adierazi du kirolariak: "Nire buruari limite gogorra jarri diot, erronka hori sei ordutan egitea oso-oso gogorra delako. Dena den, azken une honetan nire burua mugara eramanaraziko dit horrek. Daukadan guztia atera nahi dut, kirol jardunetik lasai joateko".

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia kirol saioan egin ditu adierazpenok errezildarrak, eta esan du "asetuta" dagoela orain arte egin duen guztiarekin. Horregatik erabaki du herri kirolen mundua alde batera uztea: "Adinean aurrera noa, eta denetarik probatu dut: korrika, aizkoran, pentatloia, harri-jasotzen, mendia... Nire gorputzaren muga harrapatu dut, eta 43 urterekin hobekuntzarik ez dut egingo. Gazteei lekua uzteko erabakia hartu dut".

Oraindik ere sasoi betean da errezildarra; izan ere, joan zen abuztuaren haiseran, Binakako Euskal Pentatloia irabazi zuen hark Tolosan, eta orduan esan zuen "gerra pixka bat emateko moduan" zegoela. Dena den, iritziz aldatu du: Arria V.ak jakinarazi duenez, azken boladan "buruan" zebilkien erabakia eta txikia zenetik jaso duen hori uzteko erabakia orain hartu du; izan ere, haren arabera, bizitzeko era bat da apustua eta herri kirola berarentzat. "Pena ematen dit, baina jakin beharra dago noraino irits daitekeen, bakoitzak zer eman duen eta zer eman dezakeen, eta nire kasuan, emandakoak emanda daudela uste dut".

7 urterekin atera zen plaza batera aurrenekoz, bere aitarekin batera egindako erakustaldi batean. 12 urterekin jokatu zuen lehen txapelketa, eta 30 urteko ibilbidea eginda, 43 urterekin utziko du jarduna. Urteotan egindako lanaren balorazio positiboa egin du, nahiz eta bidean "poz eta tristura ederrak" bizi izan dituen. "Burua altu dudanik ez dut esango, baina kirol jarduna beteta dudala bai".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide