Errezildarra da Nuarbeko Errastiola zerrategian izandako lan istripuan hil den behargina

Julene Frantzesena 2020ko abenduaren 11

15:30 aldean jazo da ezbeharra, eta larrialdi zerbitzuak lantegira joan badira ere, ezin izan dute behargina suspertu. Hildakoa errezildarra zen eta 58 urte zituen. Gertatutakoa argitzeko ikerketa jarri du martxan Osalanek. Gehiengo sindikalak lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu du astearterako; 12:00etan egingo dute, Errastiola lantegiaren aurrean.

58 urteko errezildar bat hil da gaur, ostirala, arratsaldean, Nuarbe auzoko Errastiola zerrategian makina batek harrapatuta. Ertzaintzak Urola Kostako Hitza-ri azaldu dionez, 15:30 aldean jazo da lan istripua, eta larrialdi zerbitzuak lantegira joan badira ere, ezin izan dute behargina suspertu. Osalan ari da gertatutakoa ikertzen.

Gehiengo sindikalak istripua salatzeko elkarretaratzea deitu du astearterako. Errastiola zerrategiaren aurrean egingo dute kontzentrazioa, 12:00etan hasita. Protesta deitu duten sindikatuek azaldu dutenez, Euskal Herrian aste berean zendu den bigarren langilea da; izan ere, joan zen abenduaren 7an Indusal enpresako langile bat hil zen Muskizen. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian 66 langile hil direla salatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide