Saiaz mankomunitatea indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan jartzen ari da, baina "berezitasun batekin". Horrela jakinarazi du Elena Rikondok, Saiazeko gizarte langileak. Hark azaldu duenez, "zaintza komunitarioa ardatz hartuta" ari dira protokoloa garatzen: "Herritarrak inplikatu nahi ditugu protokoloan, garrantzitsua ikusten dugulako herritarrek indarkeria identifikatzea, haren inguruan hausnartzea eta gaiaren inguruan ikuspegi berria sortzea". Hori dela eta, hasi berri duten prozesuan erakundeez gain –Ertzaintza, Osakidetza eta Foru Aldundia– herritarrak protokoloaren partaide izango dira. Foru Aldundiko Berdinbidean programa eta Farapi elkartea arituko dira laguntzaile lanetan. "Berdinbidean eta Farapi COVID-19aren ondoren Saiazen sortutako elkarlaguntza sareak aztertzen dabiltza, eta egitasmoak elkarrekin uztartzen saiatuko dira", azaldu du Rikondok.