Lehenago edo beranduago etxe guztietako ateak jotzen dituen gaitza dela erakutsi du COVID-19ak, eta eskualdeko herrietan argi gelditu da hori; tartean, Errezilen. Osasun krisia hasi zenean baino egoera askoz ere okerragoa bizi dute errezildarrek azken asteetan; are gehiago, Urola Kostako herrietan 100.000 biztanleko intzidentzia tasarik altuena duen herria da uneotan. Atzo, esaterako, hango azken hamalau egunetako tasa 4936,31koa zen, Albizturren atzetik Gipuzkoako bigarren daturik okerrena, hain justu. Egunak joan eta egunak etorri ez dirudi egoerak hobera egiteko tankerarik duenik. Gaitzak gogor kolpatu du herri osoa, eta herrian nabarmen antzeman dute egoeraren larritasuna.
Xebero Agirretxe alkatearen arabera, herritarrak "zorrotz" ari dira agintariek ezarritako osasun eta segurtasun neurriak betetzen, baina onartu du herriko egoera "txarra" dela: "Osasun krisiaren hasieran Errezilen ia ez zen koronabirus kasurik izan, baina orain bai. Nik dudan sentsazio bera dute herritarrek, zomorroa inguruan dabikigula eta gutxien uste dugunean bete-betean harrapatuko gaituela".
Eustaten arabera 621 biztanle ditu egun Errezilek, eta alkatearen esanetan gainontzeko herriekin alderatuta, jende askok eman du "proportzioan" positibo PCR probetan: "Inguruko herrietan baino tasa handiagoa dugu Errezilen, baina 5.000 biztanletik beherako herria denez, ez dago semaforo gorrian". Azpeitia eta Tolosa dira Errezilen mugakide diren bi herri handienak, eta hurrenez hurren, 1.587,51ko eta 897,77ko intzidentzia tasak zituzten atzo herri horiek. Agirretxek dioenez, litekeena da bi herri horietako kasuek Errezilen eragina izatea: "Ez dakit inguruko herrietako kasuek zenbaterainoko eragina izan duten gurean, baina badakit abuztuan Azpeitian izandako agerraldian kutsatu zirela errezildar batzuk". Horren harira, alkateak gaineratu du duela aste batzuk Osakidetzak Azpeitian egin zuen baheketa selektiboan ere parte hartu zutela zenbait errezildarrek: "Herritarrak kezkatuta zeuden, eta PCR proba egiteko gogoa zuten hainbatek. Osasun Sailarekin harremanetan jarri ginen, eta errezildarrek ere baheketan parte hartu zezaketela esan ziguten". Horren harira, Agirretxek azaldu du proba horietan Errezilgo hainbat asintomatiko detektatu zituztela.
Bestalde, alkateak dio herri txikia izanik kontrolpean dituztela herrian zenbatutako kasuak, eta horietako gehienak "familiarteko fokuak" izan direla nabarmendu du: "Kasu isolatuak oso gutxi dira hemen, konfinatuta dauden gehienak familia osoak dira edo familiakideetako batzuk". Halere, alkateak aitortu du kasu positibo "mordoxka" daudela herrian, eta konfinatuta dauden herritarrak ere asko direla: "Batzuk bi edo hiru aldiz ere egon dira bakartuta".
Egoeraren larritasuna ikusita, hainbat neurri hartu ditu udalak herrian: Akertxoko ludoteka eta liburutegia, adibidez, itxita daude. Horrez gain, gimnasioaren edukiera murriztu dute. Alkateak dioenez, herriko giroan ere antzeman da COVID-19aren hedapena, eta inor gutxi dabil kaleetan: "Bestela ere ez da jende asko bizi Errezilgo herrigunean, eta orain hilda dago. Esango nuke herritarrak beldurtuta eta kezkatuta daudela egoerarekin".
Kalte zuzenak herrian
Egunerokotasunean zenbait aldaketa egin beharra ekarri die Errezilgo egoerak hainbati, eta birusak bete-betean eragin dio horien jardunari. Errezilgo dendako Belen Esnaolak, esaterako, herrian jende gutxiago dabilela antzeman du: "Askoz jende gutxiago dabil herrian, eta dendan ere igarri dugu hori. Martxoko konfinamenduan lan asko egin genuen, herritik ezin izan ginelako atera, eta azken hilabeteetan berriro ere makaldu egin da kontua". Besteak beste, elkarteen itxierak eragina izan duela aitortu du dendariak. Kontuak kontu, Esnaolak azaldu du etxez etxeko zerbitzuarekin jarraitzen dutela dendan: "Ez dakigu datozen hilabeteetan zer gertatuko den, baina etxetik atera ezin duen jende asko dago, eta horiei laguntzen jarraituko dugu".
Bestalde, herriko eskolan ere gorabeherak izan dituzte saioak normal eman ahal izateko. Miriam Urrutibeaskoa zuzendariak adierazi duenez, joan zen astean 5. eta 6. mailako ikasleei etxetik eman behar izan zizkieten klaseak, hainbat ikaslek positibo eman baitzuten PCR probetan: "Orain dela gutxira arte oso ondo zihoan ikasturtea, baina joan zen astean okertu egin zen egoera, eta eskolako ikaslerik zaharrenek etxetik jarraitu behar izan zituzten klaseak". Hori dela eta, ikasgaietan hainbat egokitzapen eta aldaketa egin behar izan dituztela adierazi du Urrutibeaskoak. Errezilgo eskolan, guztira, 59 ume daude Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta uneotan bost dira etxean konfinatuta dauden ikasleak: "Orain ikasle solteak dira etxean bakartuta daudenak, eta hori da zailena, batzuk etxean eta besteak eskolan daudenean klaseak antolatzea". Zuzendariak nabarmendu du astetik astera «tantaka-tantaka» positibo berriak agertzen direla eskolan, eta jakinarazi du hainbat guraso eta ikasle urduri daudela gerta daitekeenagatik. Halere, Urrutibeaskoak azpimarratu du birusari aurre egiteko kontingentzia plana martxan dutela ikasturte hasieratik, eta aurrerantzean horrekin jarraituko dutela azpimarratu du.