Konfinamenduko dinamika komunitarioak aztertuko dituzte Beizaman eta Errezilen

Mailo Oiarzabal 2020ko urriaren 22a

‘Bizilagun, bizipoza: Etorkizunerako sareak eraikiz’ proiektua jarri dute martxan Saiazeko herrietan; tartean, Beizaman eta Errezilen. "Harreman hurbilak" sortzea nahi dute.

Bizilagun, bizipoza: Etorkizunerako sareak eraikiz proiektu parte hartzailea martxan jarri dute Saiaz mankomunitateko udalerrietan.

"Ikerketa eta berrikuntza sozialeko prozesu honen helburua da Albizturren, Beizaman, Bidania-Goiatzen eta Errezilen konfinamenduan zehar hedatutako erresilientzia komunitarioko dinamikak aztertzea, martxan jarri diren baliabideak zein aurrez aurre izan dituzten oztopoak eta gabeziak ere identifikatzea, eta prozesu komunitarioei laguntzeko ahalmena indartzea, aurrez aurrekoak edo topaketa-modu berriak bultzatuko dituen tresna teknologiko baten bidez", azaldu dute mankomunitateko iturriek.

Saiazeko udalerrietan ez ezik, Donostiako auzo batean ere garatuko dute datozen hilabeteetan Deustuko Unibertsitateak, Donostiako Udalak, Saiaz mankomunitateak eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak bultzatzutako proiektu hori, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz 2020-2021 programaren barruan.

Jarduerak eragileekin

Prozesua gauzatzeko, "izaera parte hartzaileko hainbat jarduera" jarriko dituzte abian Saiazeko hainbat eragile publikorekin zein pribaturekin.

"Hurbiltasuneko harremanak sortzea edo finkatzea, eta esplorazio eta kodiseinu prozesu bat abian jartzea" izango dira jarduera horien helburuak. Emaitzekin, "konponbide teknologiko bat definitzea" nahi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide