Sagar bilketa garaia da, eta dagoeneko hasita daude eskualdeko sagastietan ere aurtengo uzta biltzeko lanean. Iazkoaren aldean, aurtengoa sagarraren uztarentzako "oso urte kaskarra" dela adierazi du Joxe Ramon Agirre Errezilgo Ibarbi Sagarraren Elkarteko kideak.
Errezilen sagardotarako ekoizten duten sagarra orain dela pare bat aste-edo hasi ziren biltzen. Orain, urriaren erdi aldean, Ibarbi sagarra biltzeko lanak hasten dituzte Errezilgo sagastietan.
Iaz sagar asko izan zuten, baina aurten urri izango dute Errezilen; beraz, fruitu hori biltzeko ere lan gutxiago. Horren arrazoiak azaldu ditu Agirrek: "Aurten, ez urtea egokitzen da. Hau da, normalean sagarrak bi urtetik behin izaten du uzta ona. Beraz, iaz oparoa izan genuen eta aurten bestelakoa tokatzen da. Horrez gain, negua epela izan da eta udaberria ere ez da egokia izan sagastientzako. Esaterako, Errezilgo toki batzuetan bazetorren sagarra ugari, baina leku horietan abuztuan txingorra egin zuen".
Sagarraren Eguna, aztergai
Urtero Errezilen Ibarbi sagarra sustatzeko eta ezagutzera emateko ekitaldiak antolatu ohi dituzte, abenduko lehen igandearen bueltan. Ibarbi Sagarra Elkartea aritzen da saio horiek antolatzeko lanetan, herriko beste eragile batzuekin batera. Aurten, pandemia tarteko, oraindik erabaki gabe dute abenduko lehen iganderako Sagarraren Eguna antolatuko duten; Agirreren esanetan, "aztertzen" ari dira.
Dena den, Errezilera bisitan joan eta Ibarbi sagarra ekoizten den ingurua ezagutu nahi dutenentzako ibilbide paregabea prestatuta dutela gogorarazi du Agirrek: Ibarbi Sagarraren Ibilbidea, hain zuzen ere. Herrian goiko plazatik hasten da eta lagunartean edota familian egiteko modukoa da. Ibilbide horretan, sagastiak bertatik bertara ikusteaz gainera, sagarrari eta Errezili buruzko informazioa jaso daiteke. Ibilbidea seinalatuta dute eta informazio panelak dituzte jarrita bidean zehar.
Uzta, erdira
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura elkarteak ere eman du aurtengo Bizkaiako, Arabako eta Gipuzkoako sagar bilketaren berri. Elkarte horrek ere zehaztu du, azken urtekoarekin alderatuta, uzta txikiagoa izango dela aurtengoa. Iazko uztan 5 milioi kilotik gora sagar bildu zituzten Jatorri Deiturako sagastietan, aurten, baina, %50 gutxiago biltzea aurreikusten dute. Ibarbi elkartekoen arrazoi berak azaldu dituzte hauek ere: ez urtea egokitzea eta neguan hotz gutxi egin izana. "Sagarrak neguan deskantsua behar du eta horretarako ezinbestekoa du hotz ordu batzuk pilatzea. Joan zen negua ez da hotza izan. Horrek loraldian eragin du sagarrondoetan eta ez dute fruta asko hartu arbolek". Euskal Sagardoa elkartean 250 sagar ekoizle eta 475 hektarea inguru sagasti dituzte. Horiek bildutakoa sagardotegietara joaten da.
Elkarte horrek 115 sagar mota ditu onartuak eta horietako 24 dira gehien erabiltzen dituztenak. Tartean daude, garratzen artean, Errezila eta Azpeiti Sagarra.