Gauza jakina da Errezilen trikitiarekiko zaletasun handia dela. Horren jakitun, duela urte batzuk hasi zen herri horretako haurrei trikitia irakasten Manex Torrealdai, eta, orain, beste pauso bat ematera animatu da irakaslea: helduen trikiti eta pandero taldea osatzea du helburu.
Herritarren artean bazkari-afarien bueltan sortzen den giroa ikusita otu zitzaion Torrealdairi helduen taldea osatzea. "Nire ikasle batzuek, adin batera iristen direnean, utzi egiten diote trikitia jotzeari. Hala ere, tarteka afariak egiteko-eta elkartzen dira, eta une horietan badute trikitia jotzeko ohitura. Gonbidatu izan naute horrelako otorduren batera, eta konturatu naiz abestiak jotzen hasten direla, baina kantu batzuk jotzen ez dutela jakiten. Bukatu izan dut nik bakarrik trikitia jotzen".
Errealitate horretaz jabetuta, helduen taldea osatzeari ekin dio Torrealdaik. "Herrian badago helduagoak direnen talde eder bat; trikitia pixka bat utzita daukate, baina badute gutxieneko jakintza bat. Afarietarako-eta elkartzen dira, eta zergatik ez osatu horiekin taldetxo bat eta errepertorio bat prestatu?".
Izan ere, irakaslearen arabera, "tristea" da trikitia ikasten urteak eman ostean jendeak musika tresna hori albo batera uztea. "Pena da mahaiaren bueltan elkartzen diren egun horietan bakarrik jotzea. Giro polita sortu ohi da halakoetan, baina kanta batzuk jotzen hastean, zenbait mugatuta sentitzen dira".
16 urtetik gorakoentzat
Hain justu, hori ez gertatzeko, animatzen direnen artean errepertorio bat osatzea da irakaslearen nahia. "Helburua da kalean gehien jotzen diren kantekin errepertorio bat prestatzea, eta abesti horiek taldean entseatzea. Nahiko nuke otorduaren bueltan jotzen diren kantu horiek denok jakitea, gero denok jotzeko".
16 urtetik gorako pertsonei zuzendutako saioak izango dira. Bi astez behin, aste batean ostegunean (20:30) eta hurrengo astean ostiralean (20:00) emango ditu eskolak Torrealdaik, urritik ekainera bitartean. Saio bakoitzak ordu erdi iraungo du, eta irakasleak nabarmendu duenez, denbora hori ez du ohiko eskola moduan baliatuko. Horregatik, ezinbestekoa da panderoaren edo trikitiaren gaineko gutxieneko ezagutza izatea. Hori bai, norbaitek kanta bat jakingo ez balu, partitura emango lioke irakasleak, etxean trebatzeko. Saioak, beraz, entseatzeko baliatuko dituzte. Izena emateko, tapatapatpe@gmail.com helbidera idatzi edo 665 74 87 23 telefonora deitu behar da.