Beste urte batez, adinekoentzako dinamizazio programa jarriko dute martxan Errezilen Saiaz gizarte zerbitzu mankomunitateak eta Lahar elkargoak. Programaren helburu nagusia herriko adinekoen elkargunea izatea eta bertan ekintzak lantzea da. Horretarako, zahartzaro aktiboa eta beren arteko harremanak sustatzeko ekintzak egingo dituzte, memoria landuz edota eskulanak eginez. 65 urtetik gora errezildarrei zuzendutako programa da.
Saioak irailaren 24an hasiko dituzte. Hilean bitan elkartuko dira ostegunetan, Borondegin, 15:00etatik 17:00etara bitartean. Irailetik abendura bitartean honako egunetan izango dituzte dinamizazio programako hitzorduak: irailaren 24an, urriaren 15ean eta 29an, azaroaren 12an eta 26an nahiz abenduaren 10ean. Martxotik ekainera artekoak zein egun izango diren ez dute zehaztu antolatzaileek. Doan da parte hartzea.
Izena nola eman
Programan parte hartzeko izena emateko epea ireki dute antolatzaileek, eta bi modu hauek daude horretarako: goizetan, telefonoz deituta 943-81 29 89 zenbakira edota saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora idatzita.